Arratsaldeko 18:00ak aldera hasi zen nagusien mailako finala eta hasiera bertatik gailendu zen Soraluzeko bikotea. Atxotegiren abiadarekin eta Aldaperen ziurtasunarekin erraz menderatu zituzten bergararrak eta partiduak ez zuen kolorerik izan. Finalean erakutsi zuen mailarengatik, pelotari onenaren saria Aitor Atxotegi soraluzetarrari eman zioten. Herritik joandako senide eta lagunek txaloka ospatu zuten herriko ordezkarien garaipena.