Abadeak azaldu digunez martxoaren hasieratik dago geldi kanpandorreko erlojua eta harekin batera kanpaiak isilik. Bi gailuok funtzionarazten dituen mekanismoa berdina denez gero, mekanismoa matxuratu zenean biek laga omen zioten funtzionatzeari. Matxura eragin zuten arrazoiak erabat argitu barik badaude ere, astelehen goizean arazoa aztertu zuen elektrizistak jakinarazi duenez, kanpandorreko mailuen bobinak erreta daude, eta ondorioz, diferentzialak salto egiten du eta dena gelditzen da. Matxura zein den identifikatu arren, elektrizistak esan duenez, ordezkatu beharreko materiala "oso berezia" da eta "denbora" beharko dute berriz martxan jartzeko. Diferentzialak salto egitearen ondorioz elizan argirik barik egon eta gero, astelehen goizean elektrizistak diferentziala deskonektatu ostean, argia bueltatu da.
Smarth garapena amaitzeko zain
Abadeak argitu nahi izan du smarth teknologiaren garapenerako lanak amaitu arte itxaron nahi izan duela, "matxura, smarth teknologiaren lanak hasi ziren garai beretsuan sortu zen, eta zergatik gertatu zen argi ez baldin badago ere, nahiago izan dut lan horiek amaitzeko zain egotea berriz arazorik gertatu ez dadin ". Horregatik atzeratu dira konponketa lanak. Datozen egunetan matxurak konpondu eta lehenbailehen erlojua eta kanpaiak berriz martxan izango direnaren itxaropena azaldu du.