Ander De Luis: "zapatukoa final bat da guretako”

Erredakzioa 2015ko mai. 21a, 22:45

Ander Ander De Luis eta David Borinagak zuzendu duten Sorako Erregionaleko taldeak Gipuzkoako kopako finalerdietara heltzea lortu du. Zapatuan 16:00etan Ezozin Gure txokoako beratarren kontra jokatuko duten partiduan erabakiko da zein pasatuko den finalera.

Denboraldiaren hasieran taldea osatzea kostatu zitzaiela aitortu digu Anderrek: "Preferentean jokatzen duen Sora A-k jokalariak behar zituen eta guk kanpotik ekarritako jokalariekin osatu behar izan genuen taldea. Ni neu ez naiz kanpotik jokalariak ekartzearen oso aldekoa baina azkenean Arrasate, Eibar eta Elgoibarko eta jubeniletatik igo duten jokalariekin talde txukuna osatu osatu genuen. Elkarrekin oso ondo moldatu gara eta gure arteko harremana oso estua bihurtu da, futboletik haratagokoa. Azkenean familia txiki moduko bat osatu dugu".

Ligan hirugarren sailkatuta, kopako ligaxkarako sailkatzea lortu zuten eta ligaxka lehenengo postuan amaitu ostean final zortzirenetatik final aurrekoetarako partiduak etxean jokatzeko eskubidea irabazi dute. Zapatukoa oso partidu borrokatua izango delakoan dago Ander eta aurreko bi partiduetan bezala, aurkariaren akatsak aprobetxatu eta irabazteko aukera ikusten du. "Nabarmendu nahi dut jokalariek urte guztian zehar erakutsi duten konpromezua, esfortzua eta sakrifizioa eta dei egin nahi diet soraluzetarrei zapatuan Ezozira joan daitezen taldea animatzera."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.