Jakoba Errekondo: "Landa inguruaren etorkizuna kalitatezko elikagaiak ekoiztetik etorriko da"

Erredakzioa 2015ko mai. 21a, 09:02

Jakoba errekondoJanari-ekoizpen eta kontsumo lokala indartzeko Alkarrekinen barruan sortu den Bertatik bertara taldeak gonbidatuta, Jakoba Errekondo agronomo eta paisajista ezagunak Agroekologia, gure landa eremuen etorkizuna, kalitatezko elikadura izeneko hitzaldia eskainiko du Ingurumen hamabostaldiaren barruan. Hitzaldia maiatzaren 28an izango da, arratsaldeko 19:00etan, herriko antzokian, Marc Badalekin batera. Berarekin izan gara.

Euskadi Irratiko 'Landaberri' saioan egiten duen antzera, baratzeei, landareei eta, oro har, nekazaritzari lotutako herritarren dudak eta kezkak argitzen saiatuko da Jakoba Errekondo agronomo eta paisajista. Horretaz gainera, solasaldi horretan argitaratu berri duen 'Bizi baratzea' izeneko liburua ere aurkeztuko du.
Zertaz berba egingo duzu duzu hitzaldian?
Nire hizketaldiaren oinarria etorkizun posible bakarra azaltzea da: lurraren etorkizuna. Lurrarekin loturarik ez duen etorkizunik ez da bidezkoa izango hemen. Beraz ekin diezaiogun ahal den azkarren lurra eta berak ematen diguna baloratzeari. Dena lurrak ematen digu: osasuna, kalitatezko bizitza, emozioak....
Zeinendako izango da hitzaldia?
Edonorentzako moduko hizketaldia egiteko asmoa dugu. Era berean entzutera ere banator. Denon artean osatuko dugu solasaldia. "Soraluzeko eskola" indartu behar da. Toki bakoitza bakarra da. Zuek duzue piasaia kulturala zuen bakarrik duzue eta bere zaintza ere zuek bakarrik egin dezakezue. Eutsi lurrari!

Topaketaren zatirik handiena, hitzaldi erara barik, herritarren galderei erantzuteko erabiliko dut. Jendearen zalantzak argitzen saiatzea askoz egokiagoa dela uste dut. Gainera, hitzaldi luze batera baino jende gehiago etortzen da galdera-erantzunetan oinarritutako saio batera.
Atera berri duzun liburuaz ere jardungo duzu. Zer jasotzen du liburuak?
Argia astekarian astero idazten dut artikulu bat, eta 20 urte joan dira hasi nintzenetik. Hori dela-eta, baratzearen inguruko liburu bat idazteko eskatu zidaten. Batetik, oinarrizko informazioa jaso dut: baratzea non jarri; lurraren, uraren eta argiaren garrantzia zenbatekoa den; nola eta noiz erein eta landatu; ongarri naturala zelan lortu... Baratzean sortzen diren arazoei buruzko argibideak ere badaude: esaterako, gaitz eta izurriteei aurre egiteko modu naturalak zeintzuk diren. 36 barazkiren eta hamabi belarren inguruko fitxak ere jasotzen ditu askotariko informazioagaz. Bestetik, lehendik baratzearen mundua ezagutzen duenarentzat aholkuak eta trikimailuak ere irakurri daitezke.

Iaz, Arrasateko solasaldi batean, lur publikorik ia ez dagoela adierazi zenuen, eta baita horren gaineko kezka plazaratu ere. Hain larria dela uste duzu?
Araban eta Nafarroan ez, baina Bizkaian eta Gipuzkoan oso arazo larria da. Administrazio publikoek dute arazorik larrienetakoa. Etorkizunean kalitatezko bizimodua eta lanpostuak nahi baditugu, gure herrietan lurra beharko da, eta lur horri lotutako proiektuak garatu beharko dira; adibidez, nekazaritzaren, turismoaren eta zerbitzuen gainekoak.
Soraluze moduko lur aldapatsuak dituen herrian zein etorkizun du landa eremuak?
Guk nahi duguna izango da lurralde osoa. Toki bakoitzaren baldintzak ezagutzetik eta lantzetik soilik etorriko da benetan iraunkorra izango den etorkizuna. Basoa ikaragarri aberatsa da. Etekin guztiak baliatzen asmatu beharko da. Dagoeneko honi buruzko zalantza izatea ona da. Zalantza eta galderetatik sortuko dugu geroa.
Gaur egun, jaten dugunaren zatirik handiena kanpotik dator.
Bai, noski. Euskal Herrian guk jaten dugunaren %5 ekoizten dugu. Gainerakoa kanpotik dator. Marokora, Perura, Txinara edo Afrikara joanez gero jaten ditugun elikagaiak nola ekoizten dituzten ikustera, seguru nago negar egiteko arrazoiak aurkituko genituzkeela. Gaur egun, etorkizuna lurrari lotuta dago. Etorkizuneko enpresa garrantzitsuenak elikagaiari lotutakoak izango dira, eta ez, esaterako, autoak edo hegazkinak egiten dituzten enpresak; horko langileek ere jan behar dutelako. Txina eta India lurrak eurenganatzen dabiltza Afrikan eta Hego Amerikan. Gure haziak erosten eta patentatzen dabiltza. Transgenikoak sortzen dabiltza, baina ez goseari aurre egitera zuzenduta, negoziora bideratuta baizik. Dirua daukana horretan inbertitzen dabil; hori da etorkizuneko inbertsiorik potenteena. Eta etorkizuneko gerrak gosearen inguruan egingo dituzte. Arma asko izanda ere, jatekorik eta urik ez baduzu...
Orain bi urte herriko kontsumitzaile eta ekoizle batzuek Bidetxior kontsumo taldea sortu zuten herrian. Zer nolako garrantzia dute zure ustez halako taldeek?
Ikaragarria. Kontsumo taldean uztartutako jendeak urrats nabarmena eman du etorkizunerantz: bizitza kalitatea, ingurumenaren zaintza, bertako ekonomia, lanpostu iraunkorrak, osasuna, elkartasuna... Herria egiteko bidea hori da. Eta bide bakarra da.
Udalek ortu ludikoen apustua egin behar luketela ere aipatu izan duzu.
Bai. Hainbat herritan aisialdiko baratzeak sortzeak adierazten du jendeak baduela horretarako gogoa, eta, aldi berean, jaten dugunaren inguruko kezka ere badagoela. Aisialdiko baratzeak oso-oso inportanteak direla uste dut, eta udal gehiagok sortu beharko lituzkete. Iruditzen zait hori dela oinarria, etorkizunean, gure ondorengo belaunaldiek lurrarekin lotura izaten jarraitu dezaten, eta jakin dezaten gure bizitzaren kalitatea hor dagoela. Horrek bertako produktuen sustapena ekarriko du, eta kalitatezko nekazaritza egiten duten inguruko baserritarren lana benetan baloratzea ere bai. Administrazio publikotik hori guztia sustatzea nahitaezkoa izan beharko litzateke.

Euskal Herriko baso asko pinuz eta eukaliptoz beteta ikusteak zer gogoeta eragiten dizu?
Bururik gabe jokatzen gabiltzala. Basoa beste alor garrantzitsu bat da. Basoa ondo kudeatzen jakin izan dugunean, XVI. eta XVII. mendeetan gutxi gorabehera, Euskal Herria munduko potentzia handietako bat izan da; basoa zen gure energia, basoetan diseinatzen genituen gure galeoiak arrantzara, merkataritzara zein gerrara bideratzeko. Azken mendean, aldiz, basoak paperaren industriaren mesederako bakar-bakarrik landatu, zaindu eta diseinatu dira. Hori gure kudeaketaren arazo bat da, eta mahaigaineratu beharreko gai bat da. Geure buruari galdetu behar diogu zertarako nahi ditugun basoak.

Paisajista ere bazara; ingurua artearekin lotzeko ahalegin horrek zer ematen du?
Nire espezialitatea paisaia kulturala da. Guk ikusten dugun paisaia guztia kulturala da; Euskal Herrian ez dago metro karratu bat bera ere guk sortua ez dena edo naturala dena. Hor dago gure arterik inportanteena. Orain dela 10.000, 1.000 edo 500 urte egiten zituzten gauzak hor daude, paisaian, eta horiek irakurtzen jakin behar dugu. Paisaia horretan dago gure ondare guztia, izan garena. Hori itzelezko akuilua da niretzat.

Zein da zure iritzia genetikoki eraldatutako hazien gainean?
Gauza bat da zientziaren ahalmena transgenikoak sortzeko, eta beste bat da transgeniko horiek zertarako sortzen ditugun. Demagun hainbat pertsona artatxikia janez bizi direla, baina ezin dutela ekoitzi gosea kentzeko beste; bada, egin dezagun transgeniko bat artatxiki zoro horien ekoizpena laukoizteko. Baina, jakina, hori ez zaie interesatzen, burujabetza ematen duelako. Hori da gerra nagusia, burujabetza eta burugabetzearen artekoa, eta burugabe nahi gaituzte.

 

Durangaldeko Anboto herri komunikabidearekin elkarlanean egindako elkarrizketa.