Eskualdean dauden errealitate desberdinak abiapuntu moduan izanda, EH Bilduk eskualde bezala pentsatzera animatzen ditu Debabarrenako eragile sozial, enpresarial eta publikoak. Horretarako tresna bihurtu behar ditugu Mankomunitatea, Debegesa eta Debemen moduko erakundeak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri dituen partaidetzako aurrekontuen baitan, gure eskualdean 2 milioi euroko inbertsioak egiteko aukera izango dugu eta bide-orria ongi definitu behar dugula uste dugu, diru kopuru garrantzitsu horrek eskualdeko behar eta egitasmoei erantzuna eman diezaien.
Eskualdeko ikuspegian sakondu eta Debabarrenan garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko helburuarekin, EH Bilduk ondoko proposamena egiten ditu:
1. Elikadura burujabetza.
Eskualdean baldintza onak ditugu arlo honetan pausoak emateko, eskualde aberatsa baita gurea. Eskualdean kontsumitzen ditugun elikagai gehienak kanpotik ekarritakoak dira.
Nekazaritzari eta abeltzaintzari dagokionez, kontsumo taldeen, azoketako postuen eta herrietako denda txikien bitartez gure baserrietako produktuak herritarrengana hurbiltzeko bideak erraztu nahiko genituzke. Eskoletako edo adinduen zentroetako jangeletan ere bertako eta sasoiko produktuak kontsumitzearen aldeko apostua egin beharko litzateke. Mutrikuko transformazio guneak horretarako aukera asko zabal ditzake. Arrantzari dagokionez, eskualdean ez daukagu arrantz-portu garrantzitsurik baina Ondarroa ondoan dugunez bertatik ekarri genezake arraina.
Azken finean, produktore eta kontsumitzaileen arteko sareak sortzean datza gakoak. Salmenta zuzenak edo kontsumitzaileen kooperatibez gain, herriko merkataritzan ere bertako eta sasoiko produktuak txeratzeko pausoak eman beharko genituzke.
2. Industria
Debabarrena eskualde industriala dela nabarmena da. Dena den, lehen aipatu dugun moduan, herri bakoitzak bere poligonoa eta industria eremua bultzatzen jardun du azken urteotan, eskualdeko ikuspegi bat eduki beharrean. Gure artean konpetitu beharrean, eskualdeko industriaguneen sarea eta sinergiak sortzea da gure asmoa. Enpresa berriei dagokionez, lurra eskualde ikuspegitik eskaintzeko eta enpresa hauek udaletan ordaintzen dituzten zergak berrikusteko hausnarketa prozesu bat zabaldu beharko genuke.
Eskualdeko enpresa txiki eta ertainen arteko harremanak sendotu nahi ditugu. Enpresa hauen beharrak eta arazoak berdinak dira askotan, elkar ezagutuz eta zerbitzuak konpartituz gero arazo hauek errazago konponduko lirateke eta kostoak merketuko lirateke. Eskualdean dugun polo teknologikoa eta eskualdeko enpresa txiki eta ertainen arteko harremana ere sendotu beharko genuke. Azkenik, eskualdeko industria alorreko hezkuntza zentroek ere enpresen beharrak ezagutu eta harremanak sendotzea izango da gure helburua.
3. Energia burujabetza
Eskualdeko dependentzia energetikoa oso handia da. Energia berriztagarrien bitartez beroa edo angindarra sortzeko baldintza onak izan arren, eskualdean mota honetako energiaren presentzia oso urria da. Arlo honetan pausoak emanez ingurumenaren aldeko apostu bat egiteaz gain, lan postuak sortzeko aukera paregabea izango genuke.
Horretarako, lehenik eta behin, eskualdeak ematen dituen aukeren diagnostiko sakon bat egin beharko litzateke. Biomasan, energia eolikoan, eguzki-energian edo itsas-energian gure eskualdeak duen potentziala aztertu eta udal eta enpresekin batera sorkuntza proiketuak martxan jartzea izango litzateke helburua. Egun energia berriztagarrien bitartez angindarra sortzea penalizatuta dago Madrilgo legedia medio, baina epe motzean egoera hau aldatzea espero dugu eta momentu horretarako prest egon behar dugu.
Biomasaren kasuan ez dago horrelako pega legalik, beraz, egitasmoak martxan jartzeko aukera zabalik dago. Handia da eskualdeko eraikin publikoetako gasoleo eta gas natural kontsumoa, aldaketaren beharra nabarmena da (kutsadura, injustizia soziala eta gerrak bultzatzen jarraitu nahi ez badugu behintzat).
4. Merkataritza
Merkatal-gune erraldoien ordez, herriko merkataritzaren aldeko apustua egin nahi dugu. Beharrezkoak dira denda txikiak kale eta auzoak bizirik mantentzeko. Elkarren konpetentzia baino, ezagutza eta elkarlana bultzatuko ditugu. Eskualdeko denden eskaintzaren zabalpena ere egin nahi dugu.
Lehenengo sektorea, hau da, baserritarrak eta elikagai-dendak elkarlanean jarri nahi ditugu.
5. Hondakinen kudeaketa
Erronka handiak ditugu eskualdean arlo honetan, Gipuzkoan gaika gutxien biltzen dugun eskualdea gara. Mutrikuko eta Debako herri galdeketen emaitzen ondoren, argi dago eskualdean edukiontzi bidezko bilketa hobetzeko eman behar ditugula hurrengo pausoak. 2016An % 60ra eta 2020an % 75era iristeko hobekuntzak beharko dira bilketan, beti ere herritarren sentsibilizazioa eta kontzientziazioa landuz.
Bi helburu nagusi ditugu arlo honetan: ahalik eta materia organiko gehien banatuta jasotzea eta errefusari ateak ixtea. Organikoari dagokionez, Deba eta Mutrikun edukiontzi marroia ezarriko dugu.
Oraindik herritar askok ez dute izena eman materia organikoa biltzeko eta izena eman duten batzuk ere ez dute erabiltzen. Ezinbestekoa da sentsibilizazioa jende gehiagok gaikako bilketa egin dezan.
Aipamen berezia behar dute sortzaile ertain eta handiek. Janari denda, elkarte edo eskoletako jangeletan esfortsu berezia egin beharko litzateke organikoa bereizita jasotzeko.
Errefusari dagokionez, edukiontzi berde handiari irtenbide bat eman behar diogu. Gure proposamena edukiontzi hau txipdun edukiontzi grisagatik aldatzea da. Errefusa hondakinen % 10 dela kontutan hartuta, edukiontzi grisa ahalik eta gutxien erabili eta gaikako bilketako edukiontziak potenziatzea da helburua. Organiko gehiago batuz eta errefusa gutxituz, ingurumeari kalteak gutxitzeaz gain, onura ekonomiko handiak ere izango genituzke.
Gaur egun Debabarrenako eskualdearen parte izatearen sentsazioa ez dago oso errotua. Eskualdeko garapena bultzatu nahi badugu, herritarrek ere eskualde ikuspegi hori izatea bultzatu behar dugu. Ondoan dagoen herrikoa etsai bezala hartu beharrean, elkar laguntzen dihardugun eskualdea izateko urratsak eman behar ditugu.
Horretarako, Ego-Deba ibaiak gure eskualdearen garapenerako izan duen garrantzia ezagutarazteko pausoak emango ditugu. Herriak bidegorriarekin lotzekoak asko erraztuko luke komunikazioa eta aukera asko ekar ditzazke.
Gure balioak saria ere eskualde kohesioaren ikuspegitik landu nahiko genuke. Bukatzeko, euskara eta kultura eskualdearen kohesioa bultzatzeko bi tresna oso garrantzitsu direla deritzogu.
Debabarrenan, 2015eko maiatzaren 13an.
Debabarrenako EH Bildu