Udalak azaldu digunez "bi modu daude arazo psikiatrikoak dituzten pertsonek tratamendua jaso dezaten; borondatezkoa bata eta borodatezkoa ez dena bestea. Kasu honetan, herritarraren aldetik erietxean tratamendua jasotzeko borondaterik ez dagoenez, salaketa jarri eta erabakia epaitegien bitartez bideratzea da tratamendua jaso dezan ziurtatzeko modu bakarra. Halaxe egina zegoen Gabolatseko gertakarien ostean baina gaia tramitazioan zegoela gertatu da Ezozi bideko gertakaria. Zoritxarrez Ezozi bideko gertakaria larriagoa da, ustez Ertzainekiko erasoa izan delako, eta hauek erasoengatiko salaketa jarri dutelako bere aurka. Horrek bide penala zabaldu eta ondorioz zigor gogorragoa jasotzeko aukera ere zabaldu da. Gure aldetik, udaltzaingoak bidali dio epaileari bidali beharreko informazio guztia eta orain epailearen eskuetan dago erabakia. Espero dezagun, epaileak arrazoizko epe batean zentzuzko erabaki bat hartuko duela, herritarrari tratamendu egokia bideratu dakion eta guztiok berriz halako gertakaririk bizi beharrik izan ez dezagun. Horixe da momentu honetan Udalak bere aldetik egin eta esan dezakeena".
Domeka arratsaldeko gertaera
Domeka arratsaldean, 16:00ak aldera, Ezozi bideko 24. atariko etxebizitza batetik kea ateratzen zela ikusita, hainbat auzokidek larrialdietako zerbitzuetara deitu zuten, ohartaraziz joan zen hilean Gabolatsen sutea gertatutako etxebizitzako bizilagun bera zela. Suhiltzaileak eta ertzainak berehala bertaratu ziren eta "bizilagunak aterik zabaldu ez arren, etxebizitza barrura sartzea lortu ostean, balizko sutea itzali eta bizilaguna mendean hartzea lortu zuten". Ertzaintzak adierazi duenez, bizilagunak "hainbat objetu" jaurti omen zizkien etxera sartu ziren ertzainei eta ondorioz operatiboan parte hartu zuten ertzainetako sei zauritu omen ziren, guztiak ere zauri arinekin.