Astebetean 217 argazki eta 450 atxikimendu

Erredakzioa 2015ko mai. 4a, 16:25

Libre Gotzon

Harrera oso ona izan du kanpainak eta Soraluzetik haragoko mugak ere gainditu ditu.

 

Guztira oraingoz 217 lagunek bidali dute elkartasun argazkia eta 450 lagunek eman diote atxikimendua sinadura bidez Manifestuari gotzonlibre.info atarian edo kalean jarritako postuetan.

Maiatzaren 28 eta 29an epaituko dute Madrilgo Audientzia Nazionalean Gotzon beste zortzi kiderekin batera (tartean Periko Solabarria ezker abertzaleko militante historikoa), "terrorismoa goratzea" egotzita.

2013ko martxoan Ernai gazte antolakundea sortu zela ospatzeko Gazte Danbada jaialdia antolatu zuten. Gotzon Ernaiko bozeramaile zen garai hartan. Jaialdia ospatzen ari zen egunetan Xabier Lopez Peña presoa hil zen Parisko Pitié-Salpêtriere ospitalean, bihotzekoak jo eta garuneko isuria jasan ostean. Ospitaleratu eta astebete beranduagora arte ez zen jakin bihotzekoa izan zuenik eta senideek ez zuten jakin hila zenik bisitara iritsi ziren arte.
Gazte Danbadako ekitaldi nagusiko hitz hartzean, Gotzon Elizburuk senideei animoak helarazi eta espetxe politika salatu zuen, sakabanaketaren ondorioak salatuz, mendeku politika salatuz eta presoen euskal herriratzea eskatuz. "Preso politiko" eta "jo ta ke" adierak erabiltzea da bera inputatzeko dituzten ustezko froga edo delitu zantzuak.
Horren aurrean, epaiketaren izaera politikoa salatu dute Manifestuaren bidez Libre plataformak eta atxikimendua eman duten herritarrek. Presoekiko elkartasuna eta euren eskubideen defentsa kriminalizatu beharrean, konponbiderako eta bakerako urratsak eman beharra azaldu dute. Zentzu horretan Gotzon eta bere kideak libre geratu behar direla gaineratu dute.
Kanpainak aurrera jarraituko du epaiketara arte. Helburua ahalik eta atxikimendu gehien bildu eta auzia lau haizeetara zabaltzea da. Era berean, epaiketaren gastuak sustengatzeko egiten diren ekimenetan parte hartzeko deialdia ere egin dute.
Atxikimendua emateko, argazkiak atera eta sare sozialetan #GotzonLibre eta #9akLibre etiketekin sare sozialetan zabaltzen jarraitzeko deialdia luzatu dute eta nahi duenak gotzonlibre.info atarian Manifestuari atxikimendua ere adierazi diezaioke. Bestetik, ostegunean, pintxo-pote orduan Plaza Berrian postua jarriko da nahi duenak argazkia atera eta atxikimendua eman dezan.