“Belaitz" nekazal eta industria hornigai etxea zapatuan zabalduko dute

Erredakzioa 2015ko api. 30a, 20:22

Belaitz2

Nekazaritzako produktuak, animalientzako elikagaiak eta industri hornikuntzarako gaiak izango ditu Iraitz Ibarzabal eta Ixa Camachok martxan jarriko duten zerbitzuak. Maiatzaren 2an, zapatuan, goizeko 09:15ean zabalduko ditu ateak Mendiola industrialdeko 13. pabiloian.

 

Halako etxeetan eskaini ohi diren produktuak eskainiko dituzte: animaliendako pentsuak, baserriko lanetarako erremintak, haziak, landareak, etxean hazteko animalia txikiak (oiloak, untxiak, antzarak, ahateak...)... Horrekin batera, jaki eta edariak ere eskainiko omen dituzte: irinak, patata, sagardoa, txakoliña, ardoa... Herrian ekoitzitako produktuak ere eskaini nahi lituzkete: "bertako produktuekin eta ekoizleekin lan egitea nahi dugu, jendeari kalitatezko produktuak eskaintzeko" adierazi digu Iraitzek.

Negozio "klasikoa"
Iraitzek azaldu digunez jakitun dira negozio mota hau "klasikoa" dela baina "hutsune bat ikusi dugu arlo honetan eta mundu hau gustatzen zaigunez apustu bat egitea erabaki dugu. Herrian bertan 72 baserritik gora daude eta poliki poliki betetzen ari dira berriz. Baserri askotan jende nagusia bizi da eta guk bertatik bertarako zerbitzua eskaini nahi diegu. Gure ekarpena egin nahi diogu lehenengo sektorean diharduten soraluzetarrei eta inguruko herrietakoei. Baita euren ortutxoa edo animaliak dituzten jendeari ere".

Bestelako hornigai batzuk ere eskainiko dituzte nekazal jardunerako produktuez gain. Esaterako: zementu zaku txikiak, ikatza, lurra... eta bestelako material batzuk. "Jendeak bere eguneroko lanetan behar izaten dituen eta gaur egun herrian ez dauden materialak ere eskainiko ditugu, horrela jendeak ez du horien bila herritik kanpora joan beharrik izango".

Zapatu goizean irekiera txotx eta guzti
Belaitzek zapatuan zabalduko ditu ateak Mendiola industrialdeko 13. pabiloian eta jendeari ongi etorria emateko sagardo txotxa eta luntxa antolatu dituzte 11:00etatik aurrera. Hortik aurrera, zerbitzua egunero izango da zabalik, goizez 9:15etik 12:15era bitartean eta arratsaldez 16:00etatik 20:00etara astegunetan eta 08:00etatik 13:00etara zapatuetan.

KLB6, erropa denda berria Kalebarrenen

KLB6 erropa dendak joan zen hilean zabaldu zituen ateak Kalebarreneko 6. zenbakian, hain zuzen. Elgoibarko Bernedo anai-arrebek zabaldu dute eta adin guztietako pertsonendako jantziak eta oinetakoak saltzen dituzte bertan, bai emakume eta bai gizonezkoendako. Pozik daude lehenengo egunetan jendearengandik jaso duten erantzunarekin "jendea badabil, adin guztietako bezeroak ditugu: ume, gazte, heldu... eta ezin gara kexatu".

Sarak azaldu digunez "Soraluzen erropa denda baten beharra zegoela ikusi genuen eta erdigunean lokal asko zeudela aukeran. Bernedotarrek Elgobarren eta Eibarren ere badituzte saltokiak eta horri esker "astero erropa berria ekartzea" da euren asmoa, "jendeari zerbitzu hobea eskaintzeko". Sare sozialetan ere iragarriko dute euren eskaintzaren berri. Ordutegiari dagokionez: 9:30etik 13:00ra eta 16:30etik 20:00ra dago zabalik. 

KLB6