Roman Morales: "Bizitza bera da bidaia, jakinminez biziz gero"

Erredakzioa 2015ko api. 27a, 19:28

Roman Morales1Gaur, martitzena, antzokian hitzaldia eskainiko du kanariarrak. Hego Amerikan Kayakez egin zuen zeharkaldian bizitakoak kontatuko ditu arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Aurrerapentxo bat eskeini dio Plaentxia.eus-i. 

Román Morales Garcia (Santa Cruz de Tenerife, 1962). Nekazaritzari lotutako ikasketak egin arren bere bokazioa bidaiatzea izan da; Andeak oinez zeharkatu ditu Karibetik Tierra de Fuegoraino 3 urte eta erdian; Marokoko Atlas Garaietan ibili izan da denbora luzez; Kuba, Malasia, Turkia eta Saharan zehar ibili izan da bizikletaz edota Hego Amerika zeharkatu du kayakez; azken bidaia 2013an egin zuen, kayakez berriro, Veneziatik Atenaseraino, Adriatikoko txokoak ezagutuz. Bidaia hauen artean bi liburu argitaratu ditu: Buscando el sur Andeetako abenturari buruzkoa eta Caminos de Agua Hego Amerikako behe lautadetako ibaietan zehar egindako zeharkaldia kontatzen duena.

Zer kontatuko duzu biharko hitzaldian?
Duela urte batzuk eginiko bidaia berezi bati buruz eta orduan izandako bizipenak kontatzen dituen liburu bati buruz hitz egitera nator Soraluzera. Hego Amerikako 3 isurialde nagusiak arraunean batu nituen: La Platako isurialdea, Amazonasekoa eta Orinoco-ko isurialdea. 2 Urtez  jardun nuen arraunean, aterperik gabe eta zarupean bizita. Buenos Aires eta Venezuelako Caribe itsasoa lotu nituen aipatutako isurialdeetako ibaietan aurrera eginez.

Ikus-entzuneko konferentzia bat izango da eta Hego Amerikako behe lurraldeetako geografia, ekologia, antropologia eta memoria historikoari buruz jardungo dut.

Nondik nora ibili zinen bidaia horretan?
Parana, Paraguai, Guapore, Mamore, Madeira, Amazonas, Rio Negro, Casiquare eta Orinoco ibaiak izan ziren nire urbide. Bidearen erdia baino gehiago Brasilen egin nuen baina Argentina, Paraguai, Kolonbia eta Venezuelako uretatik ere igaro nintzen 2005 eta 2007 bitartean. 2010ean Caminos de Agua liburua idatzi nuen orduko bidaiaren bizipenak kontatzeko.
Zela irudikatzen duzu horrelako bidaia erraldoi baten atarian egotearen momentua, eta azken palakada eman eta gero?
Egia esan, presarik gabeko bidaiak egin izan nituen aurrez. Hiru urte eta erdi behar izan nituen Andeak zeharkatzeko, Karibe itsasotik hasi eta Tierra de Fuegoko azken muturrera iritsi arte. Edota 5 hilabete Marokoko Atlas Garaiko txokoak ezagutzeko. Orduan, esperientzia hauek bidaiak baino gehiago neure biziaren zati handiak dira. Hezkuntza eta existentzia desberdin baten aldeko apustua dira.

Bene-benetako bidaia bizitza bera da: bakoitzaren baitan sentsibilitatea eta jakin-mina piztean datza. Zentzu horretan, agian ez dago desberdintasun gehiegi leku batean egotea edo mugitzearen artean. Jakinmin gabe bidaiatuz gero geldirik zaude eta leku batean egonez gero baina jakinminak barrua mugitzen badizu, orduan bidaiatzen ari zara, ez bada geografikoki, bai behintzat bizitzan. Horrelako bidai batetik Kanarietara itzuli naizen bakoitzean pozik itzuli izan naiz, badakidalako leku horretan ere poza eta zoriontasuna zain ditudala.

Zer eman eta zer jaso duzu bidaietan?
Eman, eman... gehienbat jaso egiten dela esango nuke. Adibidez, ibaiertzeko herritarren eskuzabaltasun eta abegitasuna jaso dut, edota eskualdeetako istorio zahar eta mingarriak entzun ahal izan ditut. Herritarrek duten zoriontasun sinplea ezagutu dut eta urteetan beraiekin tratuan izan naiz. Eta gizatasunaren gainetik, munduko lekurik ezkutuenetan, eta momentuka, lekurik ederrenetan presarik gabe arraunean nabigatu dut. Hori dena jasotzea ez da gutxi.