Gaur abiatuko da “Irakurri, gozatu eta oparitu” egitasmoa

Erredakzioa 2015ko api. 23a, 13:57

IrakurriEkainaren 30a arte iraungo du, eta parte hartzen duten herritarrek %25eko deskontuarekin erosi ahal izango dituzte liburuak Iratxo goxodendan. Pil-pilean euskara elkarteko bazkideek eta Berbalagunek %50 arteko deskontuak izango dituzte. (Irakurri gehiago)

Gaur hilak 23, Liburuaren Nazioarteko Egunean jarri dute martxan euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa herrian eta ekainaren 30era arte izango da parte hartzeko aukera. Bultzatzaileak; Euskaltzaleen Topagunea, Pil-pilean euskara elkartea eta Soraluzeko Udalaren Euskara zerbitzua dira eta Udal liburutegia eta Iratxo goxodenda ezinbesteko kolaboratzaileak.

Funtzionamendu erraza: hiru pausu

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:

Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu.

Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli, eta fitxa sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
Oparitu. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.
Liburutegian jasotako txartelarekin, euskarazko beste edozein libururen prezioaren %25 ordaintzeko aukera izango dute partaideek Iratxo liburu dendan. Pil-pilean euskara elkarteko bazkideek eta mintzalagunek, berriz, %50eko deskontua izango dute.

Irakurri kartela

Liburuaren Nazioarteko Egunean hasita, bi hilabetez
Aurreko edizioetan bezala, apirilaren 23an abiatuko da aurten ere "Irakurri, Gozatu eta Oparitu" egitasmoa, Liburuaren Nazioarteko Egunean. Uda aurreko hilabeteak baliatzen dira egitasmoa sustatzeko, ondorengo opor garaia, askorentzat, liburuak ( baita opari hartutakoak ere) irakurtzeko garai egokia baita. Bi hilabeteko iraupena izango du kanpainak, ekainaren 30era arte egongo da liburutegietan erosketa-txekeak lortzeko aukera eta uztailaren 11 artekoa horiek liburu dendan erabiltzeko.

Aurten 42 herritan

Hego Euskal Herriko 42 herritan izango da martxan ekimena. Eskualdekako hedapenean zentratu dira antolatzaileak egitasmoa herrietan indartzeko helburuarekin:
Araba: Agurain, Asparrena, Dulantzi, Legutio, Urkabustaiz, Zigoitia, Zuia.
Bizkaia: Atxondo, Balmaseda, Derio, Etxebarri, Gernika, Getxo, Larrabetzu, Ondarroa, Otxandio, Zamudio.
Gipuzkoa: Astigarraga, Beasain, Lazkao, Mutriku, Pasaia, Soraluze, Ordizia, Orio, Zaldibia.
Nafarroa: Altsasu, Antsoain , Aranguren, Arbizu, Atarrabia, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Irurtzun, Etxarri-Aranatz, Uharte, Ultzama, Lakuntza, Lizarra, Olazti, Zizur Nagusia.
Aurreko urteetan ikusi denez, kanpainak eragin positiboa du herritarrek herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburu mailegu erabileran. Izan ere, egitasmoaren helburuetariko bat da euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina ere kontuan hartzekoa da.
Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren bueltan bestelako literatur jarduerak ere antolatuko dira, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar. Egitasmoak Eusko Jaurlaritza eta Araba eta Bizkaiko Aldundien babesaz gain, honako argitaletxeen laguntza jasotzen du: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela, Txalaparta eta Susa.
Euskaltzaleen Topagunea 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 95 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein mugimenduaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.

Informazio gehiago behar izanez gero, koordinazioa@pilpilean.com helbidera idatzi dezakezue, edo telefono zenbakira deitu 660127012 (Arrate). Liburutegian edo Iratxo goxodendan ere emango dizuete informazioa.