Agur t’erdi!

Erredakzioa 2015ko api. 14a, 14:13

 

Sinatzaileok, ekimen bat abian jartzeko gonbitea luzatzera gatozkizu.

 

Osasun arloan euskarazko arreta jasotzeko eskubidea izan beharko genuke; berez eta legez, baina zaila gertatzen da, sarri, euskaraz jardun ahal izatea osasun zerbitzuotan.

 

Horrek bi urradura sakon eragiten dizkigu: batetik euskaldunok bigarren mailako herritar gisa hartuak gara, eta bestetik, osasun-arreta kaskarragoa jasotzen dugu, gure gogoko hizkuntzan ezin jardun.

 

Kezka horrek bildu gaitu, eta erabiltzaile eta osasun langile euskaltzaleak garenez, beste euskaltzale batzuengana jotzea pentsatu dugu. 

 

Gure asmoa, herritarrak osasun arloan euskara erabiltzera eta euskarazko arreta eskatzera animatzea da.

 

Horretarako elkarte bat sortzea iruditzen zaigu egokiena, bertan osaun zerbitzuen erabiltzaile eta profesional euskaldunak harremanetan jartzeko, euskararen erabilpenean urratsak ematera adoretzeko, babesa emateko, aholkularitza eta informazioa eskaintzeko.

 

Ez dugu ohiko erakundeen gisako ezer eratu nahi. Gaur eguneko teknologia berriek eta gizarte sareek elkarte dinamikoa, anitza, egingarria eta atsegina sortzeko aukera eskaintzen digute.

 

Helburu horrekin, euskaltzale talde mardul eta askotarikoa bildu nahi genuke, asmo xume hau jendaurrean aurkezteko.

 

Aurkezpen horretan dei egingo genieke asmo honekin bat egin nahi luketen herritarrei, elkartea sortzeko ekitaldi batean parte hartzera. Ekitaldi hartan zehaztuko genituzke balizko elkartearen helburuak, lehen harria jarriko genuke, finean.

 

Osasuna barra-barra!

 

Elkartearen aurkezpena apirilaren 28an izango da, Durangon, Plateruenan, arratsaldeko 16:45ak aldera.

 

Egitasmo honetan laguntzeko prest bazaude, erantzuiguzu mesedez, e-posta edo mezu biotara:

 

Xabier Zarandona

 

xbzarandona@hotmail.com

 

Aitor Montes

 

ortubekoak@gmail.com Telf: 665700363

 

Sinatzaileak:

 

Nahia Aia Goikoetxea, ginekologoa

 

Uxue Alberdi, idazlea eta bertsolaria

 

Aitor Montes Lasarte, familia medikua

 

Karmele Jaio Eiguren, idazlea

 

Alaitz Atxurra Arantzabal, osasun arloko administraria

 

Xabier Zarandona Zubero, familia medikua

 

Pako Aristi, idazlea

 

Naia Alzola Amezua, txirrindularia

 

Miren Amuriza, bertsolaria

 

Estitxu Garai Artetxe, unibertsitateko irakaslea