Espainia eta Alemaniako estatuen inguruko lankidetzaren inguruan berba egingo duzu hitzaldian. Noiz hasi zen lankidetza hori?
Franco eta Hitler baino lehen, Rifeko gudan. Lehen Mundu Gerraren ostean, Alemaniari berrarmatzeko debekua ipini zioten arren, alemaniarrek berehala ekin zioten lan horri, Weimarreko Errepublikaren gobernu ezberdinen babesa zutela. Alemaniak eta Espainiak Lehen Mundu Gerran izandako lankidetza armamentistak 20ko hamarkadan jarraitu zuen, gerra kolonialetan. Hala, Espainiak Alemaniatik ekarritako gas pozoitsua erabili zuen Rifeko matxinatuen aurka, Afrikako iparraldean. Estatu bien arteko lankidetzak urteetan iraungo zuen, eta Gernikaren eta beste herri batzuen bonbardaketa horren isla dugu.
Soldadu alemaniarrak turista moduan sartu ziren Estatura...
Eta hegazkinak eta bestelako aparatuak desmuntatuta, paketetan sartuta, merkantzia zibil moduan deklaratuta... Aurretik izena aldatu zieten itsasontzietan bidali zituzten kolpistek kontrolatutako guneetara, eta han, Junkers Ju 52 hegazkinetan jarri ziren bonbak. Lehen esan bezala, Alemania berehala hasi zen berrarmatzen eta hegazkingintza zibilaren bidez lortu zuen aireko armada era azkar batean prestatzea. Izan ere, Ju 52 hegazkina hegazkingintza zibilerako erabili zuen hasierako. Aireko base militarrak eraikitzen ere hasi zen poliki-poliki. Tresnak bazituen, beraz, baina horiek probatzea falta zitzaion. Altxamendu faxistari emandako laguntza testuinguru horretan kokatu behar da.
Kolpistek Kondor Legioaren Estatu Nagusiari eman zioten agintea, gainera.
Ondorioz, Wolfram von Richthofen mariskala Kondor Legioaren arduradun nagusia ez ezik iparraldeko frontean aritzen ziren aireko indar faxisten burua ere izan zen. Estrategia bere esku utzi zuten eta edozein krudelkeria egiteko agintea zuen. Gernikan ikasitakoa beste herri batzuei erasoa egiteko erabili zuten Bigarren Mundu Gerran. Esate baterako, 1939ko irailean Poloniari eraso zioten eta hegazkin guztietan gutxienez Kondor Legioan aritutako pilotu bat bazegoen.
Kondor Legioaren historia ezkutatzen saiatu da. Zergatik?
Alde batetik, antikomunismoagatik eta Gerra Hotzak sortutako giroagatik; eta bestetik, ezin dugu ahaztu Alemaniaren berreraikuntzan erregimen naziko askok hartu zutela parte. Bigarren Mundu Gerraren ostean, Alemaniak ez zuen armada sortzeko baimenik, baina 1956an zigorra kendu zenean, nazien armadan aritutakoen beharra izan zuten. Armadako kideen % 80 inguru SS, SA eta bestelako erakundeetan ibilitakoak izan ziren ustea dago; baina ez bakarrik armadan, nazi ohiek politikan, epaitegietan... ere izan zuten pisu handia. Jende askok pentsatzen du Alemanian kalte-ordainak egon zirela, eta horren adierazle moduan Nurembergeko epaiketa datorkigu burura. Egia da aliatuek buru ezagun batzuk epaitu zituztela, baina nazi askok beren bizitzarekin jarraitu zuten, ezer gertatu barik.
Zein da zuen egitasmoaren ekarpena?
Faxisten arabera, errepublikanoek beraiek eman zioten sua Gernikari eta Espainiako gobernuak oraindik ez du gezur hori zuzendu. Horregatik oso garrantzitsua da gure historia herritik kontatzea; hitzaldietara beti gonbidatzen ditugu herriko lekukoak. Haiek badakite zer gertatu zen eta erakusketaren bidez aukera ematen diegu gertatu zenari buruz hitz egiteko. Eurenak dira hitza eta oroimena; guk bakarrik oinarriak eskaintzen ditugu.
Oroimen historikoa ardatz duen lana da.
Izan ere, oso garrantzitsua da gure iragana ezagutzeko, ulertzeko eta egindako akatsak ez errepikatzeko. Oroimena gordetzen saiatzen garenok egia, justizia eta ordaina ditugu zutabe nagusitzat. Izan ere, Euskal Herrian gertatutakoak, bonbardaketak-eta, gerra-krimenak izan dira, planifikatuak eta asmo txarrarekin egindakoak. Dena dela, argi utzi nahi dugu oroimen historikoa lantzea ez dela mendekua bilatzea, zauriak ixteko bidea baizik. Diktadurak, errepresioa, gudak, torturak, hilketak, fosak... trauma kolektiboak direlako, belaunaldiz belaunaldi sendatu barik transmititzen direnak. Trantsizioan egin zen bezala, ezin da esan "hau gertatu da eta kitto"; gogoratzen dugunari buruz hitz egin behar dugu eta biktimek onarpena behar dute. Oroimen historikoa modu kolektiboan jorratzen badugu, ilunpean dagoen guztia argituz, gure historiaren jabe izango gara.
Baskale elkarteak, Lau Haizetara plataformarekin batera, Kondor Legioaren historia kontatzen duen erakusketa ere badarabil Euskal Herri guztian zehar. Joan zen astean zehar erakusketa gelan izan da ikusgai eta udaletxean eskainiko duten hitzaldian ere ikusi ahal izango da zati bat. Gainera bideo bitartez proiektatu eta azalduko hitzaldiaren hasieran.
Bilbotik Berlinera
Erakusketa antolatzeko ideia orain dela urte bi Alemaniara egindako bidaia batean sortu zen. Baskale elkarteko kideek Kondor Legioa aztertzen zebilen Hannoverreko historialari talde bat ezagutu zuten eta ikerketa bertan ere zabaltzea adostu zuten. "Lantaldea 80ko hamarkadan hasi zen lanean. Nazien osteko gobernu askok gertaera ilun hauek kendu dituzte liburuetatik, oroimen kolektibotik ezabatu nahi izan dituzte, eta historialariek argitara atera dituzte".
Wunstorf herria Hannoverreko eskualdean dago eta han aire-base bat dago; Kondor Legioa base horretan sortu zen. Ikerlariek baseko jeneralengana jo zuten informazio bila, baina erantzuna bertan Espainiako gerrari buruzko daturik ez zegoela izan zen. "Mesfidantza eta errefusa topatu zituzten, baina lanean jarraitu zuten, eta denboraren poderioz datuak eta lekukoen testigantza batu zituzten. Alemaniako artxibo militar nagusira ere jo zuten eta han herritarren aurka airetik egingo ziren erasoak modu zehatzean azaltzen zituen dokumentazioa topatu zuten. Baita lortutako arrakastak batzen zituzten agiriak ere".
Azaldutakoaren arabera, Wunstorf herriko aire-basean besoak zabalik hartu dituzte beti Kondor Legioaren beteranoak eta Ju 52 hegazkinen museo bat ere antolatu da, "horiek Gernika eta beste herri batzuk suntsitzeko erabili zirela ezkutatuz". Nolanahi ere, erakusketaren egileek garaipen berezia lortu zuten iaz, erakusketa Wunstorf herrian bertan ipini baitzuten. "Historia mingotsa da, jakina. Baina herri horrek bere oroimen historikoaren atal bat berreskuratzeko eskubidea du, atsegina izan ala ez".