Espainiako auzitegi nazionalak beste euroagindu bat bidali omen du "kale borrokako" beste ekintza batean parte hartu izana egotziz. Tramitazioan izandako "akatsak" eta egozten zaion delituen gainean dauden "zalantzak" kontuan izanda, Paueko auzitegiak epaiketa astebetez atzeratzea erabaki du.
Atzoko batzar informatiboan Pauen izan ziren senide eta lagunek jakinarazi zutenez, urrinetik bada ere, Sabin ikusi ahal izan zuten eta ondo dagoela adierazi dute. Apirilak 8, eguaztena, goizeko 9etan egingo diote epaiketa Pauen. Bertaratu nahi dutenendako autobusa antolatuko dute herritik (05:30ean aterako da). Izena Gaztetxean eman daiteke, martitzenera arte. Egun horretan bertan, arratsaldeko 19:00etan, batzarra egingo dute Gaztetxean bidaiaz berba egiteko.
(Aurretik argitaratutakoa)
Sabinen aitak eta anaiak Baionan dagoela eta datorren martitzenean Paueko auzitegian deklaratuko duela jakinarazi dute arratsaldean plazan egin den batzar informatiboan. Ehun herritar inguru batu dira eta manifestazioa egin dute herrian Sabin askatzeko eskatuz. Zapatu iluntzirako (19:00) manifestazioa deitu dute Plaza berrian eta martitzenean batzar informatiboa egingo dute auzitegitik pasatu osteko egoeraren berri emateko.
(Atzoko berria)
Donapaleun (Nafarroa Beherea) atxilotu dute aitarekin batera zegoela. Lagunek atxiloketaren ostean zer egin adosteko informazio batzarra deitu dute bihar arratsaldeko 19:30ean Plaza Berrian.
Sabin ihes eginda zegoen 2009tik, eta Espainiako auzitegi nazionalak emana zuen euroaginduagatik atxilotu dute. Kale borrokako hainbat ekintzatan parte hartu izana leporatzen diote. 2006an atxilotu zuten Sabin lehen aldiz, PPren Ermuko egoitzaren aurkako eraso batekin lotuta, baina orduan aske utzi zuten. Auzitegi Nazionalak lau urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion.