Ilusioz, giza-eskubideen alde
Soraluzeko Sare osatzen dugun herritarrok gure poza adierazi nahi dugu Lurdes Txurruka herritarrak askatasuna berreskuratu duelako eta bere herrira bueltatu ahal izan duelako berriz. Pozik gaude beragatik: 20 urte luzetan Espainiako gobernuak ezarritako dispertsio politikaren gogortasuna bere narruan jasan eta gero, onik etxeratu delako. Pozik gaude bere lagun eta senideengatik ere: urteetan astebururo errepideetan ibili behar izan eta gero, azkenean zama astun hori gainetik kenduko dutelako. Zoritxarrez, dispertsioak errepidera aterarazi eta bidean bizia galdu zuten Asier Heriz eta Iñaki Saezek ezin izango dute poz hori gurekin elkarbanatu. Hala ere, urteetan pilatu den sufrimendu guzti hori mendekuzko espetxe politika horrekin amaitzeko ilusio eta indar bihurtzea proposatzen diogu jendarteari, oraindik ere espetxean edo ihesean dauden herritarrak onik Euskal Herriratu edo etxeratu daitezen. Aurrerantzean ere asmo horrekintxe jarraituko dugu lanean, eta asmo horrekin bat egiten duten soraluzetar denak gonbidatu nahi ditugu ezberdinen arteko herritar mugimenduan parte hartzera. Denok batera, ilusioaren indarrez lortuko dugu giza-eskubideak errespetaraztea.
Soraluzeko SARE
Soraluzen, 2015eko martxoaren 22an.