Soraluze parekidea aldarrikatzeko egunaren harira antolatutako egitarauak jarraipena izango du datozen egunotan. Gaur “Hatzamarren bertuteak” izeneko argazki erakusketa zabalduko dute Olatz Sebal eta Ekaitz Uzinek Gaztelupe tabernan eta arratsaldeko 19:00etan “Pintxa-klown” perfomance saioa eskainiko du KontuKantoi taldeak herriko kaleetan zehar.
Martxoaren 8ari begira emakumeen ahalduntzea sustatzeko egitaraua antolatu dute Emakumeen topaguneak eta Udaleko parekidetasun batzordeak. Atzo egin zen lehen saioa, umore-terapia tailerra, eta gaur emango zaio jarraipena egitarauari.
“Hatzamarren bertuteak” izeneko erakusketa zabalduko dute Olatz Sebal eta Ekaitz Uzinek 19:00etan Gaztelupe tabernan eta ordu berean, KontuKantoi taldeak “Pintxa-klown” performance ikuskizuna eskainiko du herriko kaleetan zehar.
Bihar (martxoak 6) Amaia Arriaranek 4-10 urte bitarteko umeei zuzendutako “Do, re, mi, golkua bete ipuin” saioa dinamizatuko du, 18:00etan antzokian. Domekan (martxoak 8) emakumeen arteko pala txapelketarekin ekingo diote eguna ospatzeari. Eguerdiko 13:00etan “Euskal Herria parekidetasunez eraiki” lemapean elkarretaratzea egingo da Plaza Barrixan eta ondoren, poteo-feminista egingo dute herriko tabernetatik zehar.
Martxoaren 13rako “Macho-maris”, helduentzako antzerki emanaldia antolatu dute, 22:15ean antzokian.
Udalean adostutako adierazpen instituzionala:
EUSKAL HERRI FEMINISTA ERAIKITZEKO
Emakumeen Nazioarteko Egunean badaukagu zer ospatu eta zer aldarrikatu. Baina, batez ere, nabarmendu nahi ditugu, krisialdiaren aitzakian, emakumeen eta berdintasun politiken kontra gobernatzen ari direnen erabakiek eragiten dituzten ondorio lazgarriak.
Krisian dirauen bitartean inposatutako politika eta austeritate neurriak urte askotako borrokaren bidez lortutako eskubideak arrisku larrian jartzen ari dira eta emakumeentzat ondorio onartezinak izaten ari dira: emakumeen lanpostuen deuseztea, lan prekario, behin-behinekotasuna eta aldi baterako kontratuen gorakada, gizon eta emakumeen arteko soldata desberdintasunen handitzea, pentsioen txirotzea eta erantzunkidetasun eta kontziliazioan atzera pausuak.
Ekonomiaren oinarrian etxeko lanak eta zaintza-lanak dauden arren, lan horiek mespretxatu egiten dira. Ezkutuan geratzen dira, sozialki ez dira errekonozitzen eta ordaindu ere ez. Lan-estatusa bera ukatu egiten die, nahiz eta jakin bizitzaren oinarria direla, lan-indarra sortu eta mantentzen duten lanak direlako. Eta ekonomiaren, aberastasunaren eta lanaren kontzeptuak finantzen munduarekin, lan ordainduarekin, lan-“produktiboa”rekin lotzen dira, guztiaren erdigunean jarriz. ¨Merkatua¨ jartzen da ekonomiaren erdigunean eta bizitza honen zerbitzura, alderantziz egin ordez.
Etxeko lanen eta zaintza-lanen ardura nagusiki emakumeei ezartzen zaiela kontuan izanda bakarrik uler daiteke emakumeek lan-merkatuan duten leku marjinala eta esplotazio bikoitza. Lan-merkatuan emakumeek gizonezkoek baino %36,2 gutxiago kobratzen dute. Lanaldi partzialetan dauden %80,9 emakumeak dira. Lan-merkatuak emakumeak bigarren mailako langile gisa erabiltzen ditu, haien lekua, nagusiki, etxean dagoela defendatzen duelako. Egungo marko politiko, ekonomiko eta soziala gainditzeko beharra inoiz baino ageriago agertzen zaigu, bizitza ekonomiaren erdigunean jarri ahal izateko, zaintza-lanak errekonozitzeko, sexuaren araberako lan-banaketarekin bukatzeko, bizitza duinak bizi ahal izateko.
Aurreko urteko adierazpenean abortuaren kontrarreformaren mehatxua aipatzen genuen. Mugimendu feministarekin batera euskal jendartearen gehiengo batek egindako borrokari esker erreforma gelditzea lortu genuela uste genuenean, PPren Gobernuak lege proposamen bat aurkeztu du, 16 eta 17 urteko neskek gurasoen ezagutza gabe haurdunaldia eten ezin dezaten. Emakumeon askatasunaren kontrako eraso berri honen bidez PPren Gobernuak babesgabetasun egoera oso larrian jarriko ditu euren gurasoengana jo ezin duten neskak. Aurrerago ere, emakumeon askatasunaren eta aniztasunaren kontrako eraso gehiago helduko dira, emakumea emazte-ama fin, otzan eta menpeko bihurtzeko. Patriarkatuaren zutabea den familia-eredu tradizionala,heteropatriarkala, indartzeko neurriak dira.
Emakumeen bizi-baldintzez ari garelarik, ezin ahaztu indarkeria matxista. Indarkeria matxista sistema patriarkalaren adierazpide bat da, adierazpiderik edo ondoriorik larriena. 2014an 5 emakume hil ditu indarkeria matxistak. Indarkeria matxista salbuespeneko gertakizun bat ez den neurrian eta gure egunerokotasunean bizi dugun neurrian, lehen mailako arazoa da guretzat.
Aipatutako guztia kontuan hartuta, agintaldi honetan udalean parekidetasuna lantzeko egindako lanean sakontzeko konpromiso irmoa adierazi nahi dugu.
Soraluzeko udaleko hautetsiok, emakume eta gizon askeen Euskal Herria helburu lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartu nahi dugu:
1. Gure herrian biolentziarik gabeko bizitza bizitzeko eremua izateko bitartekoak jarriz.
2. Emakume elkarte eta mugimendu feministarekin elkarlana bultzatuz.
3, Gure herriko emakumeak bizitzea merezi duten bizitza duinak izateko politikak garatuz.
Martxoaren 8an bueltan Emakumeen Topaguneak osatutako egitarauarekin bat egiten dugu, eta herritarrei dei egiten diegu ekintzotan parte har dezaten.