Atzo arratsaldean etxera heldu eta sarritan bezala, zazpi urte dela jarri zuten egongelako beheko sua piztu omen zuten. Handik denbora batera, kaletik jendeak teilatutik kea ateratzen zenaren abisua eman zien eta sua amatatzeko ahaleginak egin zituzten suhiltzaileak etorri eta zeharo itzali zuten arte.
"Suhiltzaileen buruak gaur esan digu teilatua berria izateak eta teilapean dagoen suaren aurkako materialak eragotzi zuela sua gehiago hedatzea". Oraindik ez dakite teilatuak zela hartu ahal izan zuen su, "urte ta erdi inguru da ustez bikoitza den hodia jarri genuela baina... Orain lona batekin estali dute euritik babesteko baina datozen egunetan konponketak egiteko desmuntatzen dutenean jakin ahal izango dugu benetan zer gertatu den". Gaur arratsaldean izan omen da peritua eta kalteak txikiak dituztela adierazi omen die: "Teilatuko metro karratu bat erre da. Sustoa handia izan da baina zorionez ez dago besterik".
Arratsaldeko 17:30ak aldera piztu da sua Txoko tabernaren etxebizitza blokeko tximinian. Hasierako momentuan garrak teilatura zabaldu badira ere sua garaiz amatatzea lortu dute suhiltzaileek. Arratsaldeko 17:30 aldera tximinitatik ohikoa baino ke gehiago ateratzen zela konturatu da herritar bat eta abisua jo du. Su garrak teilatura ere zabaldu dira momenturen baten baina lehenengo bi bizilagunek egindako ahaleginak eta ostean Oñatiko eta Eibarko suhiltzaileek botatako urak sua gehiago zabaltzea eragotzi dute.
Suhiltzaileak garabi-eskailera luzagarri baten laguntzarekin bota dute ura tximiniatik barrura eta berehala amatatu dute sua. Gertaerak ikusmin handia eragin du herritarren artean eta jende asko hurreratu da Plaza zaharrera.
Bi bizilagun artatu behar izan dituzte anbulantzian sua amatatzeko ahaleginean kea arnasteagatik, baina arriskuz kanpo omen daude. Kalte materialei dagokienez, suhiltzaileek ez dute datu zehatzik eman baina ez dute uste kalteak oso handiak izango direnik. Udaletxeko ordezkariak argitu nahi izan du suhiltzaileak etorri direnean zubiko piboteak zabaltzeko izan diren arazoak suhiltzaileek beharrezko mandoa ekarri ez dutelako gertatu direla eta ez inolako arazo teknikoren ondorioz. Etorkizunean antzeko egoerarik errepikatzeko arriskurik izan ez dadin beharrezko neurriak hartuko dituztela adierazi du.