Argi laga zuen: errealitatea ez dator bat estereotipo eta zurrumurruekin baina gizarteak mundu erraz bat interpretatzeko erabiltzen ditu. "Zelakoak dira euskaldunak? itxiak baina ezagutuz gero oso jatorrak; Alemanak? gogorrak eta hotzak; Italiarrak? seduktore hutsak... naziotasunotako pertsonak ezagutu gabe ere epaitzen ditugu, banan-banan pertsona honek ezagutzea ezinezkoa delako, eta mundua ulertzeko gure interpretazio propioak sinestu behar ditugu, egitik gutxi badute ere".
Horregatik berarentzat "zurrumurruen aurka egitea, gizateriaren aurka egitea da, gizarteak beharrezkoak baititu mundua interpretatzeko". "Orain 45 urte Euskal Herrira lanera etorritakoen inguruko kontu berdinak esaten dira orain lanera etorritakoen inguruan ere, baina denborak aurrera egin ahala dena baretzen da, zurrumurruak desagertu ez baina apaldu egiten dira eta historiak erakutsi duen moduan etorkinak gure gizartearen parte izatera heltzen dira, ezkondu, umeak izan eta inguruko bizilagunekin integratzen dira".
Egungo datuei begirada bat
Immigrazio mugimenduari lotutako datuak azaltzeko grafiko ugari erabili zituen Aierdik eta esanguratsua izan zen ikustea gaur egun gizartearen gehiengo gutxi baten ardura nagusia dela immigrazioa, %1,9arena; egun langabezia da jendeari ardura zaiona. "2006an, Espainiako estatuaren urrezko garaietan, alarma piztu zen immigrante ugariren etorrera eman zela uste zelako eta urte horretan bai heldu zen immigrazioa jendearen arazo nagusi izatera, baina ustearen alarma desagertzen denean, jendearen ardura ere desagertzen da".
Autotoktonoen beharretara moldatutako immigrazioa
Beste grafiko baten bitartez joera immigratorioak azaldu zituen eta honek "kasualitatea ez direla, kausalitatea baizik" azaldu. Bere esanetan, "autoktonoak bere beharrak asetzeko behar du immigrazioa eta gainera, nolakoa nahi duen exijitzen du". Adibide moduan zaintza lanak egitera datozen emakumeak jarri zituen: "imajinatu nire amaren zaintzailea Ekuadorretik etorritako emakumezko zuria dela, espainolez hitz egiten duena eta zaintza lanak egiteagatik soldata baxua kobratzen duena. Imajinatu nire bizilagunari nire amaren zaintzailea gustatu zaiola eta bera zaintzeko arrebarik baduen galdetzen didala. Nik baietz erantzun eta berak bere arreba ekartzen duela, eta beste bizilagunak haren lehengusina... kate luze bat osatzen da horrela, autoktonoek gidatutakoa".
Aierdiren ustez immigrazioa bera bakarrik orekatzen da, aipatutako kate hori apurtzen denean: "krisiaren eraginez autoktonoek ez dugu etxeko zaintzaile bat kontratatzeko beste diru eta horrek katea apurtzen du, kanpotarrak segurtasunik gabe ez dira gurera etorriko eta horrek immigrazio datuak orekatzen ditu". 2013an jaitsi zen lehenengoz immigrazio tasa EAEn, 2183 etorkin gutxiago zeuden erroldatuta, 2014an 3472 gutxiago.
EAEn emakumeentzat dago lana
Lehenengo etorkinak Kolonbiatik, Perutik eta Ekuadorretik etorri ziren EAEra eta %70a baino gehiago emakumezkoak ziren, zaintza lanak egitera etorritakoak. "Euskaldunon eredu immigratorioa femeninoa da erabat". Gizarteak duen joera aztertuta "urte batzuk barru pertsona nagusiz betetako gizartea batean biziko gara" azaldu zuen Aierdik eta piramide demografikoak "buruhandi forma hartuko du". Bere esanetan, "nagusiak zaintzeko beste gazte ez dira egongo eta horrek arazo larri bat suposatuko du gizartean, ekonomikoa baino berrantolaketa soziologiko bat eskatuko duena".
Zorrotzak edo akatsgabeak: immigrazioari lotutako bi ikuspuntu
Ikuspuntu zorrotza dutenek uste dute beti immigrante gehiegi daudela, autoktonoei lana kentzen dietela, delinkuentzia bultzatzen dutela eta kulturak bateraezinak direla.
Immigranteak akatsgabeak direla uste dutenentzat berriz, inoiz ez daude larregi, lan munduan sufritzen duten esplotazioa da lan arloari lotu ahal zaion arazo bakarra, xenofobia delinkuentzia baino arazo larriagoa da eta kultur aniztasunak pertsonak aberasteko balio du.
Erdibideko ikuspuntua topatzea da gakoa Aierdirentzat.
"Gu-tartasun" sentimendua
Immigranteak ia beti autotoktonoak baino bizi-maila baxuagoetan bizi dira baina badago etorkinen barruan portzentaje bat autotoktonoen bizi-baldintza antzerakoetan bizi dena eta horrek "gu-tartasun" sentimendua azaleratzen du. Askotan entzundako esaldia da: "lehenengo gureak lagundu behar ditugu eta gero, akaso, besteak". "Gu-tartasun" sentimendu hori nola eraiki den azaldu zuen Aierdik eskema batzuen bitartez eta adibideak jarri: euskaldun batentzat zuberotarrak "gureak" izan daitezke, ezagutu gabe ere beraiekin identifikatuta sentitzen delako.
Nere aurrean portaera gaiztorik ez!
Datuek diotenez hamarretik lau etorkinen alde agertzen dira, beste lauk anbibalente jokatzen dute eta bi daude kontran. "Zurrumurruen aurka jarduteko anbibalenteei portaera ona izan dezaten bultzatu behar zaie eta aurka daudenei errespetuz joka dezatela exijitu”.
Aierdiren esanetan pertsonek etorkinen aurkako ideia txarrak izan ditzakete baina ez dute praktika txarrik: "gauza bat da zurrumurrua sinestea eta jokaera bat izatea baina egunerokoan jendeak ez du portaera txarrik". Zurrumurruei aurre egiteko berriz umorea bandera moduan hartzeko gonbita luzatu zien bertaratutakoei eta hasieran esan moduan, patxadatsu aritzea.