Giza eskubideen aldeko adierazpen bateratua

E. Unamuno 2016ko aza. 26a, 14:44
Adierazpena babestu duten zinegotzi eta alkate ohi batzuk.

Alkate eta zinegotzi izan diren hainbat herritarrek agerraldia egin dute Soraluzeko antzokian 70 urtetik gora dituzten edo larriki gaixo dauden presoak aska ditzaten eskatzeko, bereziki, Eloi Uriarte eta Sebas Etxaniz soraluzetarrak aske lagatzearen aldeko adierazpena irakurritu dute. 

EAJ, PSE-EE, EA, ezker abertzalearen plataformetan eta EH Bildutik alkate eta zinegotzi izan diren 34 herritarrek parte hartu dute agerraldian baina 44k bat egin dute adierazpenarekin.
Adierazpenean eskatzen da, 70 urtetik gora edo gaixotasun larriak dituzten preso eta erbesteratutako pertsonen giza-eskubideak errespetatu daitezela eta arrazoi humanitarioengatik aske laga ditzatela.
 
Egoera horretan daude Eloi Uriarte Diaz Gereño eta Sebas Etxaniz Alkorta soraluzetarrak. Eloi Uriarte Diaz de Gereñok (iheslaria) 74 urte ditu, Miarritzen bizi da eta 42 urte daramatza etxera bueltatu ezinik. Bestalde, Sebas Etxaniz Alkortak 73 urte ditu. Jaiotzez elgoibartarra da, baina Soraluzera ezkonduta dago. Preso dago Asturiasko Villabona kartzelan, eta legearen arabera, dagoeneko, baldintzapeko askatasunean egon beharko luke. 
  
Ekimen hau, preso, iheslari eta deportatuen giza-eskubideen alde diharduen Soraluzeko Sare Herritarrak bultzatu du.