Fernando Oregik eta Carlos de Cos-ek sari bana jaso dute Azpeitin

plaentxia_com 2013ko api. 30a, 15:34
Carlos de Cos-ek gauez ospatzen den Azpeitiko Gau-Txori Argazki Rallyan bigarren saria eskuratu du. Fernando Oregik, Azpeitiko Udaberriko XXXVI. Argazki Rallyan lehen saria jaso du. Irudian: Oregi, sari banaketa ekitaldian

 

{mosimage}Carlos de Cos soraluzetarrak bigarren saria eskuratu du Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatutako Gau-Txori Argazki Rallyan. Otsailaren 23ko gauean ospatu zen Gau-Txori Rallya eta orduan ateratako argazki bilduma onenak saritu ditu Argazki Elkarteak. Bilduma onenaren saria Oskar Baile erreteriarrak eraman du. Bigarren sailkatua Carlos de Cos izan da eta 100 euro eta garaikurra eraman ditu etxera, eta hirugarren saria Barakaldoko Luis Javier Gonzalezentzat izan da.

 

Udaberriko argazki onenak, Oregirenak

Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatutako Udaberriko XXXVI. Argazki Rallyko sari nagusia jaso du Fernando Oregik. Bigarren sailkatua Iñaki Etxenagusia azpeitiarra izan da eta hirugarrena, Aitor Rementeria elgoibartarra. Guztira hirurogeita hamar argazkilarik hartu zuten parte apirilaren 14an ospatu zen argazki rallyan eta parte hartzaileek bost gai erretratatu behar izan zituzten: ermita, dinosauroa, erreka, Oteizaren eskultura eta zuhaitzak loretan. Saria “oso pozik” jaso duela esan du Oregik eta gakoa “mugitzea, gustuz aritzea eta momentu egokiak harrapatzea” dela azaldu du. Maiatzean Eibarren egingo den Euskal Jaiko Argazki Rallya prestatzen hasiko dira orain, Kontrargiko lagunak.  

Herriz herri, rallyen liga

Azpeitiko sari honek aurten lehen aldiz antolatu duten Herriz herri sariketako lehen proba puntuagarriak izan dira. Donostia, Eibar, Zarautz, Zumaia, Azpeiti, Legazpi eta Soraluzeko Argazki Elkarteek “Herriz herri” ligaxka antolatu dute eta asmoa da, aipatu herrietan egingo diren argazki rallyen bitartez, ligaxkan parte hartuko duten hiru argazkilari onenak saritzea. Aurreko asteburuan Zarautzen lehiatu zuten (sariak banatu gabe daude oraindik) eta hau izango da datozen rallyetako egutegia:

Eibar, maiatzak 26 (Legazpiko epaimahaia)

Legazpi, irailak 1 (Donostiako epaimahaia)

Zumaia, irailak 14 (Zarautzeko epaimahaia)

Azpeitia, azaroak 3 (Donostiako epaimahaia)

Donostia, azaroak 10 (Azpeitiko epaimahaia)

Soraluze, azaroak 17 (Eibarko epaimahaia)