Azpiegitura diputatuari Irureko lanen inguruko azalpenak eskatuko dizkio EAJk

plaentxia_com 2013ko urt. 17a, 19:13
Batzar Nagusietako taldearen bitartez Iraola-Etxebarri inguruko urak zein epetan bideratzeko asmoa duen eta zenbateko kostua izango duen azaldu dezala eskatuko diote Larraitz Ugarte Foru Diputatuari. Soraluzeko EAJk jakinarazi digunez eskaria tramitatu dute dagoeneko. Irudia: martitzeneko irudia.
 
EAJk Batzar Nagusietan bideratu duen idatzian dio, jakin dutenez luizia konpontzeko lanak egin zirela baina "lur jausi hura sortu zuten urak ez direla oraindik bideratu". Ondoren, azpimarratzen du "herenegun bideratu gabeko ur horiek berriro ere leku berdinean arriskua sortu dutela". 
 
Hori dela eta, Mugikortasun eta azpiegitura saileko hurrengo batzordean, honako hiru galderei erantzuteko eskatu dio foru diputatuari:
- Noiz aurreikusten du Foru Aldundiak mendiak behera datozen ur horiek bideratzea?
- Zeintzuk izango dira hau burutzeko epeak?
- Zein izango da obraren kostua?