Baserriko bizimoduen arazo eta aukerak aztertu dituzte Baserritar Gazteen 1go Topaketan

plaentxia_com 2009ko aza. 9a, 12:23
Baserritar gazteen Topaketa "oso aberasgarria" izan dela adierazi dute parte hartzaileek (Zapatuko topaketan parte hartu zutenetako batzuk San Andresko lokal sozialetan)
 
 
 
 
 
Herriko hogei gazte inguruk hartu zuten parte zapatuan San Andresen egin zuten egun osoko topaketan. Nahiz jaiotzez baserritar zirenak gutxiengoa ziren, %10 inguru, horietatik gehienak baserrian bizi dira gaur egun.
 
Goizeko 10:30etan hasi zuten Topaketa Aritz Soduperen baserrira egindako bisitarekin. Bien bitartean, San Andresen gelditu ziren lagunek bazkaria prestatu zuten (porru patatak, azalorea eta sagar konpota). Bazkaldu ostean, "Txorixak galduta egozenian" izeneko baserriaren inguruko bideoa ikusi zuten lokal sozialean. Horren ostean, bueltan bueltan jarrita baserri munduaren arazo eta aukeren inguruan jarduteko mahaingurua egin zuten. Besteak beste, elkar ezagutu eta elkarren berri jakitearekin batera etorkizunean elkarrekin egin ditzaketen kontuen inguruan ere jardun zuten.
 
Afaldu eta Marinaledari (Sevillako herria) buruzko dokumentalarekin eman zioten amaiera egunari. Epe motzean berriz elkartzeko asmo eta gogoz gelditu ziren gazteak.