Lorea de Castro (EH Bildu): "Ardura guztia ezin da biktimen gain ezarri"

Erredakzioa 2016ko urt. 29a, 11:10
Lorea de Castro, EH Bilduren zinegotzia.

Lorea de Castro EH Bilduko zinegotziarekin berba egin dugu lapurreten gaiaren inguruan.

Zein balorazio egiten du EH Bilduk lapurreten gaiaren inguruan?

Alarma haundia sortu dute azken hilabeteetako lapurretek. Lapurreta baten biktima izateak ekar ditzakeen galera material edo ekonomikoez gain, sentitzen den indefentsio sentsazioa eta frustrazioa hor daude. Komertzio batzuen kasuen, gainera, errepikatu egin dira lapurretok, inpuninate sentsazioa biderkatuz.

Hartu diren neurrien inguruan zein iritzi du EH Bilduk?

Garrantzitsua da segurtasun neurri batzuk hartzea, baina ezin da biktimaren gain jarri lapurretaren ardura. Ongi dago Udalaren partetik aholku batzuk helaraztea herritargoari, baina jakitun izanda ate blindatu bat jartzea, adibidez, ez dagoela edozein familiaren eskura.

Sare sozialetan mezu xenofoboak ere irakurri ahal izan ditugu. Zein iritzi du EH Bilduk horien inguruan?

Ezjakintasuna, informazio falta, zurrumurruak, deskonfiantza, desberdina denaren aurrean beldurra... daude gehienetan diskurtso horien atzean. Gertatzen diren gauza txarren kulpa zugandik desberdina denari leporatzea da errezena. Lapurrak “kanpokoak” edo “bertakoak” izan daitezke, baina hango edo hemengo izateak ez du inor gaizkile bihurtzen.

Gure gizartean lehen, bigarren eta hirugarren mailako etorkinak daude. Atzerritar batzuk, adibidez, ez ditugu etorkin bezela katalogatzen. Kulturalki zenbat eta desberdinago (hizkuntza eta erlijio desberdinen kasuan, esateko), orduan eta kategoria baxuagoan kokatzen ditugu pertsona horiek.

Askotan entzuten da “hori etorkina da baina lanera etorri da, besteak ez”. Nik uste etorkin guztiak, gaur egungoak, orain dela hamarkada batzuk Euskal Herrira heldu zirenak, zein duela 100 urte ameriketara joandako euskaldunak, denek utzi dutela euren aberria bizitza hobe baten bila. Ameriketara joan ziren asko artzain bezela aritu ziren. Duela hamarkada batzuk Soraluzera heldutakoek industrializazioan parte hartuz gure herria eraiki zuten. Gaur egungo egoera ekonomikoak, aldiz, zaila egiten du lana topatzea. Batzuek esango dute “ba orduan ez daitezela etorri”. Baina oso legitimoa da bizi egoera hobetu nahiean herrialdez aldatu nahi izatea. Denok ezagutzen dugu norbait Alemania edo beste herrialderen batera joan dena azken urteetan, zer eta bizitza aurrera etaratzeko esperantzarekin. Batzuk zortea izan dute, baina gehienak bueltan etorri behar izan dira.

Horrek dirulaguntzen gaira garamatza. Asko entzuten den komentario bat da etorkinak dirulaguntzetatik bizi direla. Badago dirulaguntzeri esker bizirauten duen jende bat, etorkin zein autoktono. Eta eskerrak laguntza horiek dauden! Laguntza horiek gizartera bueltatzen dira, pertsona horiek diru horrekin etxebizitzaren alkilerra ordaindu edota ogia erosten dutelako. Alkilerren gaiarena deigarria da: alkilerraren dirua kobratzen duten etxe jabeak dirulaguntzak kritikatzen entzuteak badu surrealismo puntu bat.

Lanaren gaira bueltatuta, gurean libre dauden lanpostu apurrak zaintzari lotutakoak dira, eta gehienetan emakume etorkinek betetzen dituzte, baldintza oso txarretan gehienetan. Diskriminazio bikoitza pairatzen dute: etorkina eta emakumea.

Dirulaguntzen gaiarekin demagogia asko egin da komunikabide batzutan, eskuineko alderdi politiko batzuek ederto hauspotuta. Diskurtso oso populista da, errez heltzen da jendearengana. “Lehenengo bertakoak” diote askok. Horrek oinarrian daraman mezua da batzuk besteen gainetik daudela, batzuek eskubide gehiago izan behar dituztelako besteek baino. Gure ustez, herritar guztiek eskubide berberak izan behar dituzte, kontutan hartu gabe non jaio den.

Ez da dirulaguntzen sistema zalantzan jarri behar dena. Batzuek ez dute sinisten dirulaguntza bat jasotzeko irizpideak berdinak direla guztientzat, eta esperientzia pertsonaletan edo zurrumurruetan oinarritzen dira. Langabezia kobratzeko edo ikasketa beka bat lortzeko bezela, baldintzak betetzen dituenak filtroa pasako du eta besteek ez. Sistema hobetu daitekeela? Noski. Saia gaitezen, bada, hortan.

Zein mezu helarazi nahiko lieke EH Bilduk herritarrei?

Alde batetik, bete ditzatela, bakoitzak ahal duen neurrian, segurtasun aholkuak. Eta bestetik, ez daitezela ahula kulpabilizatzeko tranpan erori.

Lapurrak lapurrak dira, azal iluna ala azal argia izan. Sarri korbata ere daramate baina horiei ez diegu erreparatzen!