"Ume gaiztoen Festa" asteburupasa ederra elkarrekin!

Erabiltzailearen aurpegia Kukumixo Aisialdi Taldea 2015ko api. 15a, 15:00

Maiatzaren 9 goizean hasiko dugu abentura eta hurrengo eguneko arratsaldean amaitu. Lasturreko aterpetxean igaroko dugu asteburua Soraluzeko haur eta gaztetxoak. Eta izen ematea zabalik dago gaurtik hasi eta apirilaren 22ra bitarte, Pil Pilean Euskara Elkartean.

ume gaiztoen festa 3

 

Zirrara berezia sortzen digu guztiori etxetik kanpo lagun artean lo egiteak. Eta Kukumixoko kideok ere desiatzen gaude, horrelako asteburu bat herriko haur eta gaztetxoekin batera igarotzeko. Udaberri festa ederra antolatu dugu. Asteburu berezi bat jolasean eta etxetik kanpo elkarrekin gozatzeko aukera izango dugu bertan. 

 

Maiatzaren 9 eta 10ean izango da eta Lasturreko aterpetxeak emango digu "Ume Gaiztoen festa" ederra antolatzeko aukera.

 

1.mailatik, 6. mailara bitarteko haur eta gaztetxoek izango dute bertan parte hartzeko aukera. Baina baita herriko gazteek ere, beraiekin bidelagun gisa.

 

Izen ematea zabalik dago eta Pil Pileanen egin beharko da apirilaren 22rako (hau barne). Izen emate orriak eskolan banatu badira ere, Pil Pileanen bertan ditugu eskuragarri.

 

Prezioak bereziak ipini ditugu, denon eskuragarri ipini nahiean ekimena. 32€ izango da prezio orokorra, baina merkeago izango dute 28€tan familia beretik kide bat baino gehiago doan kasuetan edota Pil Pileaneko bazkide direnen kasuan. Eta horrez gain, gizarte zerbitzuetako laguntza jasotzen dutenak 20€ ordaindu beharko du matrikula.

 

Dena den, 50 lagunendako izen emate aukera dago (aterpetxearen muga) eta beraz, izen emateak kopurua gainditzen badu zozketa bidez aukeratuko dira partaideak. Zozketa apirilaren 23an egingo da eta adin aniztasuna kontutan hartuko da berau egiterakoan. Emaitza, mezu bidez jakinaraztearekin batera, orrialde honetan publikatuko dugu apirilaren 23an 20.30etarako.

Zozketarako, izen ematerakoan kide bakoitzeko zenbaki bat banatuko dugu; eta zenbakia izango da web orrialdean publikatuko duguna.

 

Adin ezberdinetako haur eta gazteak elkarrekin jolastu, ikasi eta gozatzea du helburu asteburupasak. Ume gaizto garela erakutsi eta jolasa elkar harremanen oinarrian kokatu nahi dugu.

 

Informazio gehiago nahi izanez gero deitu 635707232 telefonora, idatzi euskara@pilpilean.com helbidera edota etorri Pil Pileanera (goizetan 10.00-13.00 eta arratsaldetan 17.00-19.00).

 

Zatoz gurekin gozatzera! Zoragarria izango da!

 

Txorro, morro, piko, taio, ke!