Presak eta Merlin: erreferendumaren ordua da

Gaia ez da itxi oraindik, airean dago. Prozesu partehartzailearen lehen zatiaren ostean, Udalak bidea zabaldu die Aldundiari eta Merlini Olea eta Zuloagan. Eta Malmero eta Olabarenari buruzko erabakirik Udalak ez du oraindik hartu, URAk eta Aldundiak elkarrekin aurkeztuko dituen proiektuak ezagutu arte.

Alkateak onartu zuenez, Aldundiak eta URAk gogor presionatzen ari dira Udala. Soraluze aspalditik gain behera ari da, eta "txantajea" onartzea atzera egitea da, etorkizuna hipotekatzea. Eta hau dena oso epe luzeko garapen urbanistikoak babestearren, inoiz burutzen badira.

Bi urte pasa dira Merlinen proiektua ezagutu genuenetik. Sortutako eztabaidak eta antolatutako jardueren ostean proposamenak agertzen ari dira.

Azken ekintza prozesu partehartzailea izan da. Eta honen bukaeran partehartzaileek Udalaren proposamena baloratzeko aukera izan genuen.

Gogoratu behar da proposamen honek bi zati dituela. Alde batetik, Merlini bidea libre uztea Olean eta Zuloagan aritzeko (presak botatzeko, alegia). Malmero eta
Olabarrenari buruz, URA eta Aldundiari elkarrekin proiektuak aurkezteko eskatu diete, gero Udalak erabakitzeko.

Gure ustez, bai Olea eta Zuloagari buruzko proposamena, baita etorkizunean Udalak hartuko duen Malmero eta Olabarrenari buruzkoa, biak ala biak soraluzetarren esku utzi behar dira: ERREFERENDUMAREN ORDUA DA.

Zergatik? 

  • Soraluzeren etorkizunerako erabaki kritikoa delako: identitatearekin lotutako presak ezabatuko lituzkelako; ibai-paisaia goitik behera eraldatuko lukeelako, Europako Paisaia Itunari aurka eginez (Eusko Jaurlaritzak ere sinatua); orain arte gure historia eta ondare kulturaleko aztarna gehienak ezabatu ditugulako, eta "presak direlako geratzen zaigun azken zubia historia eta ondare kulturalarekin” (Alfredo Moraza, Aranzadi); eta Ibaiaren ingurugiroa kaltetuko litzatelako.
  • 634 sinadurek halaxe eskatzen dutelako (hautesleen %23a, eta azken udal hauteskundeetan emandako botuen %36a).
  • Ibai paisaia eta presak prozesuan partehartzaile kopurua, polita bada ere, ez delako nahkkoa guztien izenean hitz egiteko.
  • Gaur eguneko zein aurreko alkateak, eta Udaleko alderdi politikoen bozeramaileak, orain arte oso aldekoak agertu direlako herri-galdeketen alde, Soraluzerentzat garrantzitsuak diren gaietan.

Berriro diogu, 634 sinadurek halaxe eskatu dute. Ezin da etorkizuneko proiekturik elkarrekin eraiki herriaren ahotsari muzin eginez. Horregatik erreferenduma deitzeko premia dagoela berresten dugu, herritarrek iritzia emateko.

Euskadiko 2/2016 legeak eskaera hau babesten du: herritarrok eskubidea daukagu entzunak izateko herri mailako erabaki garrantzitsuak hartu baino lehen, eta hau da kasua (Euskadiko 2/2016 legeak, laugarren atala "Herri partaidetzarako tresnak").

Eskaera honen alde bilerak antolatuko ditugu

P.S. Izugarri pozten gara Karakateko Green Capitaleko proiektu eolikoa alde batera laga izana. EZINA EKINEZ EGINA!