Presen auzia

Olabarrena: euskaraz ez al dakite ala?

Aurki bostehun urte beteko ditu Olabarrena presak, Ybaiçabal izeneko tokian eraikia. Gaur egun, ibaiak 34 metroko zabalera du puntu horretan. Baina Merlinek presa apurtu nahi du erditik, ibilguan 12 metro zabaleko karkaba luzea sortuz eta, beraz, ibaia nabarmen estutuz. Hori al da Ibaizabal "lehengoratzeko" modua? Euskaraz ez al dakite ala?

Olabarrena apurtzen badute, Soraluzeko armagintzaren aztarna zaharrenetakoa (1534koa) desitxuratuko zen guztiz. Errota desagertu zen, gainetik pasatzen zen zubiaren zutarriak bota zituzten… presa apurtzea besterik ez zaie falta! Baina, gogoratu behar da Eusko Jaurlaritzak 1997ko irailaren 11an babestu zuela, balizko arkeologia gune moduan.

Gainera, Merlinek nahi duen moduan, Gabolatserainoko ur xafla desagertuko da, zuhaixka eta zuhaitzen adarretan zaborra eta plastikoak trabatuko dira, ur xafla desagertuta udan eltxoak biderkatuko dira (eta eltxo tigrea heltzerakoan gaixotasun tropikalen arriskua ere berarekin ekarriko du), udako egun txarrenetan ibaialeko ingurua askoz beroagoa izango da…

Eta presa apurtu nahi duten moduan apurtuta, ufaletan fluxu zurrubilotsuak sortuko ditu, ur maila gehiago igoz.

Laburbilduz, Olabarrena presa apurtzeak ez dio onik egingo herriari, baina bai kalte ugari ekarri!