Presen auzia

Olea: ur makinistia etxe barik?

Bioaniztasuna dela eta, Soraluzeko Plan Orokorrak (2017) Oleako presa babestea erabaki zuen, osorik: harri bakarra ere ezin da mugitu. Herri kaskoan toki babestu bakarra da, bi hegazti motei aterpea ematen dielako: ur makinistia (Alcedo atthis edo martin arrantzalea) eta ur zozoa (Cinclus cinclus).

Baina ingurumen-babes hau aintzakotzat hartu ez eta Merlinek presa erdia apurtu nahi du, sasiekologiaren izenean, ur makinistia eta ur zozua etxe barik utziz.

Oleako presa orain dela urte batzuk pare bat metro jeitsi zen, urtero urtero Mendizabal inguruan suertatzen diren ufalak arintzeko asmoz… Gaur egun, Mendizabal parean ibaiak gainezka egiten duenean, bertako zubiarengatik da, ez presarengatik.

Baina geratzen den presak oraindik bere lana egiten du. Lehenik eta behin, ur makinistiari eta ur zozuari aterpe ematen die. Txori mota hauek oso ur zaleak dira, izenak adierazten dutenez, eta Oleako presa Soraluzeko Plan Orokorrak babestuta dago, herriko bioaniztasuna gordetzeko.

Honetaz gain, honenbeste eraikin industrial bota eta gero, XX. mendeko industrialdiaren lekuko bakarrenetakoa da, Alberdi Hermanos enpresak eraiki zuen eta.

Azkenik, botatzen bada Plan Orokorrak aurrikusten duen Oleako ibai-parkea zeharo desitxuratuta geratuko da: parkea bai, baina ibairik ia ez.

Eta ez da ahaztu behar presa apurtu ezkero karkaba estua agertuko dela, ur xafla zabala ordeztuz, zuhaixka eta zuhaitzen adarretan zaborra eta plastikoak trabatuko dira, ur xafla desagertuta udan eltxoak biderkatuko dira (eltxo tigreak dakartzan gaixotasun tropikalen arriskua hor dago), udako egun txarrenetan ibaialdeko ingurua askoz beroagoa izango da…

Laburbilduz, Olea presa apurtzeak ez dio onik egingo herriari, baina bai kalte ugari ekarri!

 

Aurrekoa: Zuloagako tutua: diru iturria itxiko digute?