Literatur saioa

Umeekin heriotzaren gaia lantzera dator 'Azken galdera amari' saioa bihar

Egoitz Unamuno 2024ko api. 24a, 12:00
Manex Beristain liburua aurkezten, Azpeitiko Udal Liburutegian. Argazkia: Aitziber Arzallus (GUKA)

Manex Beristainek (Azpeitia, 1977) 'Azken galdera amari' ipuina aurkeztuko du bihar, eguena, Soraluzen. Ipuinak heriotza eta dolu kasu erreal bat du oinarri, eta aurkezpenera gonbidatuta daude bospasei urtetik gorako umeak eta haien gurasoak. Saioa 18:00etan hasiko da, udal-liburutegian.

"Umeei garbi hitz egin behar zaie heriotzari buruz" aipatu zuen Beristanek iaz, liburua argitaratu eta aurkezteko saioak abiatu berritan Goienari eskaini zion elkarrizketan. Ordutik hona aurkezpen ugari egin ditu Euskal Herri osoan zehar, gizartean heriotzaren gaia umeekin lantzeko dagoen premia eta interesaren seinale.

Beristainek azaldu duenez, aurkezpen saioak 40-50 bat minutu irauten du eta bertan ez du ipuina bera kontatzen; askotariko formatuak erabiltzen ditu gaia jorratzeko: kantuak, txotxongiloak, testuak... "Gauzak diren bezala kontatzen ditut; umeek ulertzen duten hizkuntza erabiliz, baina ezer ezkutatu gabe. Eta bakoitzak bere bidaia egiten du". 

Horra gonbitea, Udalak liburuaren egunaren bueltan antolatu dituen ekimenen baitan, bihar, arratsaldeko 18:00etan udal-liburutegian ume zein gurasoek elkarrekin heriotzaren gaia lantzeko.