Nondik nora

Lore Gallastegi Tornos: "Oso zortedunak gara munduaren alde horretan jaio izanagatik"

Ubane Madera Zangitu 2024ko mai. 5a, 09:01

Lore Gallastegi Tornos, (Soraluze, 1991). 2018tik Australian bizi da, baina bizitoki duen enegarren lekua da hura, bidaiari amorratua baita gaztea. Aurreko udan bisitatu zuen azkenekoz Soraluze. Segidan irakurgai hari egindako elkarrizketaren bertsio luzea.

Bidaiari amorratua zara. Kontatu duzu zenbat lekutan izan zaren?

Ez. Leku askotan izan naiz eta beste askotan ez naiz egon... oraindik, jajaja.

Zein izan zen bisitatu zenuen lehen lekua eta zein azkena?

Lehen bidaia Indiara eta Nepalera izan zen eta azkena, berriz, Euskal Herrira, bisitan.

Orain Australian bizi zara. Noiz arte?

Far North Queensland-en bizi naiz, Koralezko Hesi Handiaren eta munduko oihan zaharrenaren (Daintree) ondoan. Orain mendebaldeko kostan nago, Margaret River izeneko herritxo batean. Australian leku guztiek dituzte bi izen, bertako aborigenek ipinitako izen originalak eta gero jende zuriak ipinitakoak. Lur honek Wadandi Boodja dauka izen originala eta "ur gaziko jendearen lurraldea" esan nahi du. 2018tik nago hemen eta laster joango naiz.

Beste soraluzetarren bat zein beste ere bizi da Australian, egon zara eurekin?

Ez, Australia Europa baino handiagoa da tamainaz eta urruti bizi gara, baina egiten dugu berba noizean behin ea dena ondo doan jakiteko.

Zein da inpresiorik handiena eragin dizun lekua? Errepikatu duzu leku hori?

Indonesian oso pozik bizi izan nintzen. Jendea oso polita da eta bizitza hartzeko duten era ere bai, irribarrez, daukatena elkarbanatzen, kantuan. 18.000 irlaz osatutako herrialde bat da eta etnia eta hizkuntza pila bat bizi dira batera, arbasoen biziera, ohitura eta kultura zaharrak mantentzen. Hiru aldiz egon naiz. Iranen jendearen harrera munduan topatu dudan onenetarikoa izan zen eta inpresio handia egin zidan, baita bertako gazteriak, oso kultuak eta interesgarriak, lagunekin elkartu eta Hafez bertako poeta famatuaren poesia irakurtzen topatzen nituen. Ladakh eta Katxemirako paisaiak eta bizitzak ere aho zabalik utzi ninduten, bueltatuko nintzateke.

Eta zein da berriro ere bisitatuko ez zenukeen leku hori?

Ez dakit halakorik daukaten. Nahiz eta lekuak berdinak izan, jendea eta egoerak beti dira desberdinak, orduan, bueltatuz gero esperientzia desberdina izango zen. Baina zerbait esatearren Singapur. Hiri handietan ibiltzea ez zait asko gustatzen.

Zein da nahi bai baina oraingoz bisitatzea lortu ez duzun leku hori?

Antzinatik asko aldatu gabe kontserbatzen diren lekuak eta herri indigenak nahi ditut bisitatu, aldatu aurretik. Papua Ginea Berria (arriskutsua izan daiteke), Tibet (ez dute libreki bidaiatzen uzten), Amazonas, Japonia, Afrikara ez naiz heldu oraindik... Uf bihar arte egon naiteke kontatzen.

Zein lekutara ez zinateke joango? 

Turistaz betetako edozein lekutara.

Horrenbeste leku/jende ezagututa, anekdota ugari pasatuko zitzaizun; zein da burura etortzen zaizun lehena?

Vietnamgo mendietan nenbilen, Red Dao izeneko etnia minoritario bat ezagutzeko asmoz. Argazki batzuetan ikusita neuzkan bertako emakumeen arropa bereziak, batzuetan 2 urte behar izaten dituzte traje bat sortzeko. Motorrean bidaiatzen nenbilen eta edateko ura gastatu zitzaidan, etxe batera hurbildu nintzen eta han zeuden andreek bazkaltzera gonbidatu ninduten. Etxean sartu eta Red Dao gizonak ezagutu nituen, euskaldun txapelarekin buruan! Ai ama, zelako sorpresa polita eta barregarria mendi haietan galduta txapela topatzea. Interneten sartu eta euskal baserritarren argazkiak erakutsi nizkien txapela buruan, eta barre egin zuten eurek ere bai. Igual hortik etorriko da txapela buruan eta ibili munduan.

Noiz hasi zinen bidaiatzen? Bakarrik bidaiatzen duzu beti?

Duela 13 urte, 20 urterekin. Unibertsitateko praktikak munduko beste lekuren baten egiteko aukera eman ziguten eta Indiara joan ginen lagun bat eta ni, moja batzuekin bizitzera slum baten erdira (fabela moduko bat). Bidaia hori bizitza aldatzen duten horietako bat izan zen. Normalean, bakarrik bidaiatzen dut.

Zelan moldatzen zara bidaiatzeaz bat bizirauteko?

Lan asko eta baldintza onak dauden lekuetara joaten naiz lanera, eta gero bidaiatzen dudan lekuetan gutxirekin bizi daiteke sinple bidaiatzen, bertakoek jaten duten lekuan jaten eta lotan, garraio publikoan mugitzen...

Zenbat lanbide izan dituzu? Osasun aldetik inoiz ez duzu sustorik izan?

Lan asko egin ditut. Gaur andre bati bere lurretan lan batzuk egiten laguntzera joan naiz eta kanguruei gosaria eskutik ematea tokatu zait. Osasuna ona daukat, baina batzuetan tokatzen da zerbait eta hori da bakarrik bidaiatzearen momentu txarretako bat. Beti aseguru medikuarekin joaten naiz. Lekuetako bizilagunek beti eskuzabalik eta ateak zabalik jaso naute. Askotan ezin gara hitzez ulertu baina hori ez da barrera momentu politak konpartitzeko. Ez dakit zenbat etxetako sukaldetan eseri naizen komunikatu ezin nintzen jendearekin jatera edo patata tortilla batzuk kozinatzera.

Non probatu dituzu jakirik gozoenak? Edo arraroenak?

Italian, Indian, Euskal Herrian, Perun. Australia azkena dago lista horretan, hemen ez dago janari kulturarik. Asiako mendietan eta Bolivian jan izan dut zer dan ez nekizkien gauzak. Hemen Australian kokrodiloa eta kangurua jaten dira hanburgesan. Armiarmak eta halakuak jateko gogorik ez daukat.

Kanpotik begiratuta, bizimodu lasaia, behintzat, ez daukazu. Zer ematen dizu bidaiatzeak?

Poliki bidaiatzeak eta leku ezberdinetan bizitzeak beste bizi era batzuk ulertzeko aukera eta gure kulturan erakutsi digutena perspektiba handiago batetik ikusteko aukera ematen dit. Egunerokotasunean ikasten nagoela sentitzen dut. Aintzakotzat hartzen ditugun gauza horiek baloratzen laguntzen du, oso zortedunak gara munduaren alde horretan jaio izanagatik. Lagun onak eman dizkit leku askotan, eta planeta hau zein ederra den ikusteko aukera. Batzuetan ezin dut sinistu ikusten ditudan lekuak zelakoak diren.

Emakume izanda, ondo moldatu zara edo noiz edo noiz pasatu izan duzu apururen bat?  

Ondo moldatzen naiz eta pasatu izan dut apururen bat.

Mundu guztiari gomendatuko zenioke bidaiatzea? Zuk ere esango zenuke bidaiatzeak mentalitatea zabaltzen duela?

Klaro. animatu, eta behin animoak bidaltzen jarrita animatu bakarrik bidaiatzen. Inoiz imaginatu gabeko gauzak bizitzen dira, oso aberasgarria da bizitzarako zentzu guztietan, zure begiekin beste mundu batzuk ikusteko, kontatzen digutena sinistu beharrean. Bai mentalitatea zabaltzen da eta gero ya ezin da itxi.

Lehen bidaia egin nahi duen bati nora joatea gomendatuko zenioke? Zergatik?

Bakoitzak badaki nora joatearekin amesten duen, ez?

Noiz arte segituko duzu bidaian? 

Ez dakit. Uste dut beti bidaiatuko dudala baina era desberdinean.

Zelan ikusten gaituzte euskaldunak kanpotik begiratuta?

Gehienak harrituta gelditzen dira Euskal Herriari buruz jakitean, ez dakite leku hau existitzen denik. Momentu polita izaten da zein garen azaltzea. Ezagutzen gaituztenek maite gaituztela esango nuke, euskaldunak, gure lurrak eta batez ere, janaria.