880 kilo arroz Greziako erefuxiatuendako

Ubane Madera Zangitu 2024ko mar. 26a, 10:46

Zaporeak ekimenaren aurtengo erronka bukatuta, emaitzaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek. Esandakoaren arabera, “aurreko edizioetan bezala, herriak ondo erantzun du eta pasa den urteko joerarekin jarraitu da. 10 kaxa batu dira, 350 kilo inguru”. Horri Udalak jarritako 530 kiloak batuta, Soraluzetik, 880 kilo arroz luze bidaliko dira Greziako kanpalekuetara. Bestalde, errifen salmentari dagokionez, Soraluzen sari bikoitza tokatu da: Maite Zangituren artelana eta Salegi jatetxean afaria.

“Oso pozik” daude Zaporeak ekimenekoak aurten Greziako kanpalekuetara bidaltzeko Soraluzen batutako arroz kopuruarekin. Antolatzaileek esan dutenez, “herriko dendek asko lagundu dute, batez ere, Kooperatibak eta Amparok. Eskolan, ordea, aurreko urteetan baino askoz gutxiago batu da”.

Edozelan ere, emaitza orokorrarekin pozik daudela azpimarratu eta jakinarazi dute bihar, eguaztena, eramango dutela Debabarrenean batutako guztia Eibartik Donostiara, eta, datozen egunotan  bidaliko dela guztia Greziara kamioi bidez. Esan dutenez, garraioak bakarrik 8.000 euro inguru balio ditu.

Sari bikoitza

Hain justu, hori ordaintzen laguntzeko errifak ere saldu ziren eskualdean, Soraluzen 250 errifa, eta, horietako sari bikoitz bat Soraluzen tokatu da, Maite Zangituren artelana eta Salegi jatetxean afaria. Azken horrekin lotuta, irabazleak berak deitu behar du Salegi jatetxera eta errifa gorde, afari-egunean eskatu egingo baitiote; halaber, afarira joaten denean emango diote Maite Zangituren artelana. 437. zenbakia da sariduna.

Azkenik, esan, aurtengo kanpaina borobiltzeko, gaur, martitzena, 18:00etan, ekitaldia egingo dutela Eibarren, besteak beste, eskualdeko udaletako ordezkariak bertan direla. Soraluzetarrak ere gonbidatuta daude bertaratzera.