Lapurretan egin dute Intxixu Pub tabernan

Ubane Madera Zangitu 2024ko ots. 29a, 09:21

Bart, lapurretan egin dute Intxixu Pub tabernan. Polizia bertan da, barrua ikuskatzen, balizko pista bila. Leihoko hesia eta kristala apurtu dituzte, besteak beste. Kanpotik ikusten denez, barruan, jolas-makina errebentatu dute eta tabako makinarekin ere saiatu dira. Fernando Zabala tabernaren kudeatzailearen esanetan, dirurik ez zegoen tabernako kutxan eta badirudi botilarik ere ez dutela eraman.

Gaur goizean, Intxixu Pub tabernaren aurretik pasa den herritar batek hura zabalik ikusi du, leihoa-eta beste apurtuta eta Udaltzaingoari abisatu dio. Une honetan (09:00), bertan dira Ertzaintza zein Udaltzaingoa, barrua ikuskatzen.

Kanpotik ikusten denez, sarrera ondoan dagoen joko-makina guztiz errebentatu dute diruak gordetzen dituen kutxa ateratzeko. Tabako makinak dituen markak ikusita, badirudi hura zabaltzen ere ahalegindu direla.

Kontuak kontu, tabernaren miaketa bukatu artean, ezin izango da jakin zehazki zer egin duten barruan. Edozelan ere, Fernando Zabala tabernaren kudeatzaileak esan duenez, tabernaren kutxan ez dute dirurik lagatzen, beraz, zentzu horretan, ezer gutxi eraman ahal izan dute.