Errentaren ordainketarekin lotutako iruzur bati buruz ohartarazi du Ogasunak

Ubane Madera Zangitu 2024ko urt. 26a, 11:43

Gipuzkoako Foru Ogasunak ohartarazi duenez, SMS bidezko iruzurra egiten saiatu dira azken egunetan hainbat gipuzkoarri. Esan dutenez, pasa den udaberrian salatu zen iruzur prozedura bera erabilita. 

Azaldu dutenez, mezuaren bidaltzaileak zerga administrazioa dela simulatzen du, eta esteka bat eransten dio mezuari, errenta aitorpenaren itzulketa jasotzeko dela esanez. Baina, Gipuzkoako Foru Ogasunak azpimarratu du errenta kanpaina ez dagoela aktibo oraindik, eta foru erakundeak, gainera, ez duela "informazio konfidentzialik" eskatzen, ez kontu zenbakirik, eta ezta ere ez zergadunen txartel zenbakirik SMS bidez. 

Halaber, jakinarazi dute beharrezko neurriak hartzen ari direla horrelako iruzur saiakerak ekidin daitezen.