Presen auzia

“Presen balioa xumea da baina ondare industrialaren azken lekukoa dira”

Egoitz Unamuno 2023ko aza. 15a, 08:00

Eguazteneko saioan, Alfredo Moraza Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikariak presen ondaren ebaluazio txostenaren ondorioak aurkeztu zituen Antzokian. Morazaren esanetan, presak "patrimonialki eskasak" dira baina ondokoa ohartarazi zuen: “Desagertzen badira, memoriaren zati handi bat galdu egingo da".

Alfredo Moraza (Hernani, 1966) Aranzadi Zientzi Elkarteko teknikaria da, arkeologoa, Erdi aro eta Erdi aro ostean espezializatua eta Soraluzeko Udalaren eskariz Olabarrena, Igareta (Malmeronekoa) eta Olako presek duten ondare balioa zein den zehazteko azterketa bideratu du: Soraluzeko Presak. Ondare ebaluapen txostena. Joan zen eguazteneko saioan, azterketa lan horren emaitzen berri eman zuen.

Morazak Soraluzen presen inguruan sortu den “interesa” goraipatuz hasi zuen bere hitzaldia: “Beste herrietan hori ez dugu ikusi eta gauzak egin dira tin tan, fuera, jainkoak agintzen du eta akabo. Ez dago eztabaidarik eta ez da ezer balantzan jartzen. Poz pixka bat ematen du edozein neurri hartzeak, horren aurrean zerbait egiteko”.

Morazak azaldu zuenez, Aranzadik aztertu du “zer diren presa horiek eta ondare aldetik zer nolako balioa duten, eta zer egin daitekeen eurekin”. Horretarako, dokumentazioa bildu dute, azterketa planimetrikoa egin (gaur egun zein egoeratan dauden ezagutzeko) eta azkenik, ondarearen ebaluazio txostena erredaktatu dute. Hala, presa bakoitzaren katalogoa osatu dute, presa bakoitza deskribatuz, bere historia jasoz eta ondare aldetik duen balioa aztertuz. Hitzaldian hiru presetako bakoitzaren inguruan jasotakoaren berri eman zuen (irakurri hemen).

 

Materialki “xumeak”, inmaterialki garrantzitsuak

Balantzea egiterako orduan, Morazak hainbat puntu aipatu zituen, esaterako: azterketa planimetrikoaren arabera, presak “oso egoera onean” daudela; gaur egun ikusten diren presen egiturak XIX. mendekoak direla; eta hiru presak elementu isolatuak direla eta ez daudela lotuta inongo beste eraikuntzarekin (garai batean, errota edo fabrikei lotuta zeuden).

Horrekin batera, presek ondarearen aldetik duten balioaren inguruko ondorioak ere aurkeztu zituen: “Ondare aldetik presak oso xumeak dira eta patrimonialki eskasak, modelo xumeak dira eta ez dira beste munduko elementuak, baina, beti dago baina bat… Presak dira zuen ondare industrialaren azken lekukoak, hauek dira azken zubia lehengo Soraluze eta gaur egungoaren artean. Desagertzen baldin badira, galduko dugu memoria zati handi bat”.

Ondare inmaterialaren ildoari jarraituz, presek herriko paisaian duten garrantzia azpimarratu zuen: “Oso lotuta daude paisaiarekin. Gaur egungo paisaia presa horiek gabe, ezberdina izango litzateke. Ez dakit hobea edo okerragoa izango litzatekeen baina gaur egun Soraluzen daukagun argazki finko hori, presarik gabe aldatuko litzateke”. Baina ondorengoa ñabardura erantsi zuen: “Horrek ez du esan nahi kenduz gero, ohituko ez garenik beste paisaia bat ikustera. Ohitu egiten gara”.

Lau alternatiba

Hitzaldiaren azken atalean, Aranzadi Zientzia Elkarteak presekin zer egin erabakitzeko lau “alternatiba” mahaigaineratu zituen: Lehenengoa, “presak bakean uztea, dauden bezala edo egin beharreko konponketak eginda”; bigarrena, “osorik botatzea eta ondoren ingurua naturalki errekuperatzea”; hirugarrena, “presen altuera erdira beheratzea, geldituko litzateken presa kontsolidatuz”; eta laugarrena, “presak partzialki eraistea, ur emariari bidea irekiz, Aldundiak proposatzen duen eran edo aukeratzen den formularen bidez, lekukotza hori hor mantendu dadin”.

Amaitzeko, Morazak Antzokian batutako herritarrei zuzenduz ondokoa adierazi zuen: “Aranzadik tresna bat mahaigaineratu du eta orain erabakia zuen esku dago”. Umore puntua ere erantsi zuen: “Banatuko ditugu eskopetak eta punteria onena duenak, ba…”.

Hitzaldia amaituta, moderatzaileak galderak egiteko tartea zabaldu zuen eta hainbat herritarrek hartu zuten berba, Morazari galdetu edo beste barik, euren iritzien berri emateko.

Inkesta, “tenperatura neurtzeko” 

Azkenik, saioa amaitu aurretik, moderatzaileak bertaratu ziren herritarrak taldetan banatu eta eskatu zieten hiru aukeren artean hautatzeko: “ezer ez egin”, “egokitu” edo “osorik bota”. Herritarrek paretean jarrita zeuden paperetan gometxak itsatsi zituzten; horrela, prozesua gidatzen duen taldeak herritarren iritzien “tenperatura neurtu” nahi izan zuen. Denbora agortuta, ez zen emaitzen berri emateko astirik izan. 

Azaroaren 21ean, GDIren txanda

Prozesuaren hurrengo saioa, azaroaren 21ean (martitzena) egingo da, arratsaldeko 18:30ean, Antzokian. Bertan, Gure Deba Ibaia taldeak izango du hitza.