Tornideco lantegia husten ari dira

Ubane Madera Zangitu 2023ko aza. 13a, 09:34

Gaur, astelehena, goizeko lehen ordutik, itxita dago Santa Ana kaletik Olara bitarteko errepide zatia. Santa Ana 38an dagoen Tornideco lantegiko makinak ateratzen ari dira eta horretarako kamioidun garabia behar dute, errepidea alderik alde hartzen duena. Fabrikako makinak Eibarrera eramaten ari dira, Tornideko lantegia eskualdatu egin baitute; aurrerantzean Eibarren izango du jarduera. 

Tornideco S.L. enpresak bukatu du Soraluzen 1994an abiatu zuen jarduera. Lantegia eskualdatu egin dute eta Eibarko enpresa batek erosi; hori horrela, aurrerantzean, haren baitan segituko du lanean.

Eskualdaketa egiteaz batera, joan den astetik, fabrikako makinak ateratzen ari dira Eibarrera eramateko. Gaur ere horretan dihardute goizean goizetik. Makina handietako bat atera nahian dabiltza eta ez dakite noiz lortuko duten ateratzea. 

Azken urteotan, Tornidecon bakarrik hiru langile zebiltzan lanean, administraziokoa barne. Enpresak 1994an abiarazi zuen jarduera, torlojugintza, dekoletajea… mekanizatuak eginez, oro har. Azken urteotan, baina, krisialdiaren eraginez, jarduera gutxitzen joan zaio eta azkenean eskualdatu egin behar izan dute.