Gabolatseko zubi berria aurkeztu dute

Ubane Madera Zangitu 2023ko mar. 2a, 11:38

Gaur, eguena, Gabolatsen eraikiko duten zubi berria aurkeztu dute. Ekitaldian izan dira URA Agentziako ordezkariak, alkatea, kultura zinegotzia eta EH Bilduko ordezkaria. Zubi berria izango da oraingoaren ia bikoitza; zabalean 5 metro pasa izango ditu, 3 ibilgailuendako eta 2 oinezkoendako eta bi errailak arku batek bereiziko ditu. Proiektua erredakzio fasean dago; esan dutenez, bi hilabete beharko dituzte erredaktatzeko eta aurreikusi dute lanak aurten esleitzea.  

Gabolatsen eraikiko duten zubi berria aurkeztu dute gaur osoko bilkuren aretoan eta ondoren oraingo zubia bertatik bertara ikusten izan dira.  

Ekitaldian izan dira URA Agentziako zuzendari Antonio Aiz, Aitziber Urkijo URA Agentziako Plan Hidraulikoetako arduraduna, Jose Mari Sanz de Galdeano URA Agentziako Planifikazio eta Obretako zuzendaria, URA Agentziako Jonathan Uson teknikaria, Iker Aldazabal alkatea, Abel Olaizola Kultura zinegotzia eta Unai Larreategi EH Bilduko ordezkaria.

Zutaberik gabe

Emandako azalpenen arabera, zubi berria izango da 5 metro zabal pasa (oraingoak 3 metro ditu) eta horietatik 3 metro izango dira ibilgailuen pasorako eta beste biak oinezkoen pasorako. Halaber, bi esparru horiek bananduta egongo dira arku metaliko batekin eta zubia airean joango da alde batetik bestera, hau da, ez du ibaian zutaberik izango (gaur egungoak bi zutabe ditu).

Hain justu, horixe da URA Agentziako zuzendari Antonio Aizek azpimarratu duena, zubi berriak nabarmen hobetuko duela Deba ibaiaren ubidearen gaitasuna, gaur egun zubiak dituen bi zutabeek presa efektua egin baitezakete ur handiak datozenean. Horrekin batera, zubiak eremuari ekarriko dion berrikuntza urbanistikoa ere nabarmendu du. 

Arku metalikoa

Zubiak izango duen arku metalikoari buruz, berriz, Jonathan Uson teknikariak esplikatu du hainbat aukera aztertu dituztela eta ipiniko duten arkua izan dela aukerarik lirainena, ez duela eragotziko oinezkoen eta ibilgailuen eremuen arteko ikusmena eta izango duen itxura metalikoa herriaren izaera industrialarekin bat etorriko dela.  

8-10 hilabete eraikitzeko

Zubia eraikitzeko epeei buruz, berriz, URAko zuzendariak adierazi du bi hilabete beharko dituztela proiektuaren erredakzioa bukatzeko, ondoren, hura informazio publikoan jarri eta tramite horiek bukatu ondoren, zubi zaharra eraitsi eta berria eraikitzen hasiko direla. “Epeak betetzen badira, aurten lizitatu ahalko litzateke”, gaineratu du eta Unai Larreategi oposizioko buruaren galderari erantzunez, jakinarazi du gero 8-10 bat hilabete beharko direla obra exekutatzeko. Obraren zenbatekoa, berriz, proiektuaren erredakzioa bukatutakoan jakingo dute.

SAPAko lehen eraikina bota

Iker Aldazabal alkateak azpimarratutakoaren arabera, SAPAko eremua birgaitzeko lanekin batera, eremua zaharberritzeko “aurrerapausoa” izango da Gabolatseko zubi berria. Xehetasunak emanez, jakinarazi du gaur, eguena, 12:00etan bisitatuko dutela SAPA bertako obren hasiera koordinatzeko, eta, adierazi du egingo duten lehenengo gauza izango dela Gabolatseko zubitik gertuen dagoen SAPAren lehen eraikina (teilatu hirukiduna) botatzea, zubi berriko obrei ere lekua egiteko.

Aldazabalek gaineratutakoaren arabera, Udalaz gaindiko erakundeekin egindako gestioari esker lortu dute zubi berriaren proiektua.