“Ederra eskapada!”

Ubane Madera Zangitu 2023ko ots. 12a, 15:09

Bart gauean, su eman diote Arrano ondoko litxarreria makinetako bati. Erre usaina sumatuta, Arranoan lanean ziharduen Onintza Nabaizak tabernako su-itzalgailua hartu eta harekin emendatu zuen sua. “Ederra eskapada! Makinaren paretari pegatuta dago etxeko gas-kontagailua”, kontatu du berak. Ertzaintza bertaratu zen, eta badaezpada, suhiltzaileei ere abisatu zieten, sua ondo emendatuta zegoela ziurtatzeko.

Bart gauean, 02:30ean erre usaina sumatu zuten Etxaburueta kalean. Laster ikusi zuten sua nondik zetorren: Iratxo goxo-dendako litxarreria makinetatik. Egoera ikusita, aldameneko tabernan lanean zegoen Onintza Narbaizak, di-da, Arranoko su-itzalgailua hartu eta harekin emendatu zuen sua. 

Gasa eta egurra

“Ederra eskapada! Makinaren paretari pegatuta dago etxeko gas-kontagailua”, kontatu du berak. Ez hori bakarrik, etxearen habeak egurrezkoak dira eta arriskua zegoen sua hara ere zabaltzeko. 

Egoera hori ikusita, suhiltzaileei abisatu zieten, Ertzaintza dagoeneko bertan zela. “Den-dena zegoen kez beteta. Suhiltzaileek lokal barruko ke dena atera dute”, ”kontatu du Itziar Agirrek, makinaren jabeak. “Eta eskerrak 02:30ean izan zela eta ez ordubete geroago, ze 02:30ean tabernak ixten zebiltzan eta oraindik jendea kalean zebilen. Ordubete geroago izan balitz, akaso inor ere ez zen konturatuko beranduegi izan arte”. 

Emandako xehetasunen arabera, sua makinaren barrenean piztu zuten, txanponak sartzeko zirrikitua baliatuta. Makinaren sistema elektrikoa ia urtuta laga zuten eta sua makinaren gaineko aldera ere zabaltzen hasita zegoen emendatu zutenean. Ondoren, suhiltzaileek dena errebisatu zuten ondo emendatuta zegoela ziurtatzeko. 

Makinak kendu

Agirrek gaineratu duenez, ikusitakoak ikusita, makinak kendu egingo ditu. “Lehenagotik ere banenbilen hori pentsatzen, ia egunero egiten zieten zerbait makinei: ataskatu, apurtu, tiket bai dela eta ez dela… atzokoaren ostean, iada kendu egingo ditut eta kito”.