Telefonoz erreserba daiteke lekua autobusean

Erredakzioa 2021ko uzt. 10a, 11:05

Aurrerantzean, Soraluzetik Donostiara edo Zarautzera autobusez joan nahi duenak telefonoz deituta erreserba dezake lekua. Ondorengoa da zenbakia: 900 300 340. Autobus lineekin izan diren arazoak direla eta, Iker Aldazabal alkateak Aldundiko Mugikortasun sailarekin berba egin du eta horixe da jaso duen erantzuna.

Autobusean eserlekua bermatzeko, linearen abiapuntuko irteera ordua baino gutxienez 30 minutu lehenago deitu behar da adierazitako telefonora, 900 300 340 zenbakira.

Deitzen duenak bidaia eskatu eta bidaiari kopurua zehaztu behar du. Era berean, deitzaileak bere burua identifikatu beharko du. 

Bestalde, alkateari jakinarazi diote, gaur, zapatua, bi autobus jarriko dituztela eta telefonoz deitu gabe ere zerbitzua ziurtatua izango dela.