Autobus-txartelak eskuratzeko makina ipintzearen aldeko sinadurak batzen hasi dira

Ubane Madera Zangitu 2021ko uzt. 8a, 12:31

Marimar Deza harategian, sinadura bilketako paperekin, gaur, eguena.

Soraluzen autobus txartelak saltzeko makina ipin dezatela eskatzeko sinadurak batzen hasi dira. Herriko saltoki eta taberna ugaritan daude horretarako orriak eta dagoeneko herritarrak ari dira eskaera babesten. Marimar Deza herritarrak abiarazi du ekimena, Lurraldebus-Pesa zerbitzuaren enpresa kudeatzaileak esan ondoren autobusean plaza bermatzeko onena dela txartela online erostea.

 

Sinadura bilketako azalpen orrian diotenez, “zerbitzu publiko horren erabiltzaile potentzial guztiek ez dute proposatutako online aukerarik, funtsean adinekoak eta/edo kalteberak direlako”. 

Horregatik eta herritar guztien aukera berdintasuna bermatze aldera, ekimenaren bultzatzaileek zein ekimena babesteko sinadura ematen ari direnek uste dute enpresak herrian bertan ipini beharko lukeela autobuserako txartelak erosteko makina. 

Sinadura bilketa hori abiarazi dute astelehenean, Soraluzen zain zeuden hainbat bidaiariri ez zietelako laga Donostiarako autobusa hartzen, autobusa beteta zetorrelako. 

Gaiari buruz enpresan galdetuta, besteak beste, honakoa erantzun zuten: “Bidaiariek erabili nahi duten bidaldian plaza bermatzeko aukera bakarra bidaia-txartela aldez aurretik erreserbatzea da. Horretarako, gure bezeroek eskura dute gure online salmenta edo Lurticket app-a. Plaza guztiak beteta daudenean, horien erreserbarik ez izanez gero, hurrengo bidaldian egin beharko litzateke bidaia”.