Autobusean plaza bermatzeko txartela online bidez erostea gomendatu du enpresak

Ubane Madera Zangitu 2021ko uzt. 7a, 09:36

Astelehenean, 14:15eko Donostiarako autobusak ez zituen Soraluzen zain zeuden bidaiari guztiak hartu. Gidariak emandako arrazoia izan zen beteta zetorrela. Gertatutakoarengatik kexua helarazi zuten Plaentxia.eus-en erredakzioari. Gaiari buruz Lurraldebusen galdetuta, erantzun dute egun horretako lehenagoko eta ondorengo zerbitzuak errefortzatu egin zituztela eta edozein kasutan, “plaza bermatzeko aukera bakarra bidaia-txartela aldez aurretik erreserbatzea” dela.  

Astelehenean gertatutakoa Marimar Deza herritarrak jakinarazi zuen. Lehenago ere kexatu da egoera berari buruz, sarri erabili behar izaten baitu autobusa Donostiako ospitalera joateko eta bera ere geratu izan da autobusera igo ezinda. Horren ondorioz, kezkatuta ibiltzen da autobus zerbitzu hori hartu behar izaten duen bakoitzean.

Astelehenean, berriz, bidaiari bat baino gehiago laga zituen autobusak geltokian.

Enpresaren erantzuna

Plaentxia.eus-etik gaiari buruz galdetu zen autobus zerbitzua kudeatzen duen enpresan. Gaur goizean, eguaztena, helarazi dute erantzuna, honakoa, zehatz-mehatz:

1.- Eskoriatza eta Donostia arteko DG07 lineako 13:35eko zerbitzuak beteta zituen plaza guztiak Soraluzetik 14:15ean igaro zenean. Adierazi beharra dago, linea horretan izan zen eskariaren ondorioz, errefortzuak planifikatu zirela aurreko eta ondorengo ordutegietan. Zehazki, Arrasate eta Donostia arteko 10:40ko, 11:40ko, 12:35eko eta 14:40ko zerbitzuetan jarri ziren errefortzuak.

2.- Kasu horietan, bidaiariek erabili nahi duten bidaldian plaza bermatzeko aukera bakarra bidaia-txartela aldez aurretik erreserbatzea da. Horretarako, gure bezeroek eskura dute gure online salmenta edo Lurticket app-a. Plaza guztiak beteta daudenean, horien erreserbarik ez izanez gero, hurrengo bidaldian egin beharko litzateke bidaia”.