HERRI-GALDEKETA

Dena prest domekan herri-galdeketa egiteko

Egoitz Unamuno 2017ko mai. 4a, 09:45

“Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?”, horixe izango da Soraluzeko Gure Esku Dagok maiatzaren 7an soraluzetarrei galdetuko diena. Hamasei urtetik gorako 3.331 soraluzetarrek izango dute galdeketan bozka emateko aukera.

Maiatzaren 7an, Soraluzerekin batera, Debabarreneko beste bost herritan ere antolatuko dituzte galdeketak: Elgoibarren, Eibarren, Deban, Mutrikun eta Itziarren. Guztira 47.152 debabarrendarrek izango dute bozka emateko aukera. Horretarako, baldintza bi bete beharko dira: 16 urtetik gora izatea eta herrian erroldatuta egotea.

Debabarrenetik kanpo, Gizpuzkoa eta Bizkaiko beste hainbat herri eta eskualdetan ere antolatuko dute galdeketa: Urola Kostan (Orion, Zarautzen, Azkoitian…), Durangaldean, Lea-Artibain, Uribe Kostan, Zeanurin, Lasarten, Usurbilen…  Ekainaren 17an beste galdeketa multzo bat egingo dute Nafarroan, eta, horrela, aurten, 600.000 herritar bizi diren eremuetara helduko dira. Datorren urtean, asmoa da galdeketak hiriburuetan antolatzea. 

Herritarren babesa

Debabarreneko Gure Esku Dagok jakinarazi du aurreko hilabeteotan egindako kanpainan, 6.011 sinadura jaso dituztela galdeketa babesten dutela adieraziz; bozka emateko aukera izango duten herritarren %12a da hori. Soraluzen 622 herritarrek sinatu dute, %18ak. Azpimarratzekoa da, aurretik egin diren galdeketetan, parte hartzearen portzentaia jasotako sinaduren parekoa izan dela. Sinadurekin batera, herriko hainbat sektoretako pertsonek ere adierazi dute bere atxikimendua: merkatariek, sindikatuetako delegatuek, Sorako jokalariek, irakasleek, euskalgintzakoek, alkate eta zinegotzi ohiek…

Dena prest

Gure Esku Dagok antolakuntza-talde zabala osatu du galdeketaren eguneko lanak egiteko: berme batzordea, zaintzaile-taldea, informatikariak, mahaietako txandak… Guztira 50 lagunek jardungo dute lanean, galdeketa normaltasun osoz gara dadin.

Botokutxak (2) Zubi Nagusian jarriko dituzte, eta goizeko 09:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte izango da bozka emateko aukera. Bestalde, apirilaren 29an, zapatuan, bozka aurreratua eman ahal izango da Gaztetxean, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara.   

Horrekin batera, eguna “girotzeko”, hainbat ekimen antolatuko dituzte: maiatzaren 5ean emakumeen binakako esku-pilota partiduak, eta galdeketaren egunean, kalejira “parte-hartzailea” (dantzari, abesbatzako kide eta musikariekin).

Galdera independentziaz

Debabarrenean herri bakoitzak bere galdera adostu du, baina Soraluzeko prozesuan eta Mutrikukoan adostutakoa berdina izan da: Euskal Herri independente bateko herritar izan nahi duten. Eibarren Euskal Errepublikako herritar izan nahi duten galdetuko diete herritarrei, eta Elgoibarren eta Deban, aldiz, lehenik estatus politikoa aldatu nahi duten galdetuko dute eta, ondoren, estatu independentea nahi duten. Antolakuntzatik behin eta berriro zabaldu duten mezua zera da, galderak gorabehera, garrantzitsuena herritarrek parte hartzea dela.