“Gu nahiko lasaiak gara eta ondo egokitu gara Europa iparraldeko bizimodura” M. Laskurain eta A. Morillo (Elkarrizketa osorik)

Egoitz Unamuno 2017ko mai. 2a, 11:01
"Rinnensee, 2646 metrora dagoen laku polit bat. Ura oso hotza zegoen."

Miren Laskurain eta Aitor Morillo Austrian bizi dira duela sei urtetik; Innsbrucken, Tirol probintziako hiruburuan. Bizimodua lasaiagoa ei da han, baina gustuko dute hori. Oraingoz, ez dute itzultzeko asmorik.

Zelakoa da Innsbruck?

140.000 biztanle inguru dituen hiria da. 560 metrora dago, mendiz inguratuta. Oso polita da eta kirolerako aukera asko eskaintzen ditu.

Nola erabaki zenuten hara joatea?

Mundua ezagutzeko gogoa sortu zitzaigun eta Munichera joan ginen elkarrekin. Handik curriculumak bidali genituen eta lana lortu genuen Innsbruckeko enpresa batean. Med-El du izena eta belarrietarako inplanteak egiten ditu. Orain, biok lan egiten dugu bertan.

Zelakoa da zuen bizimodua Innsbrucken?

Horkoaren antzekoa. Hemen ere denetik dago, baina gu nahiko lasaiak gara eta ondo egokitu gara Europa iparraldeko bizimodura. Hemen dena ixten dute arratsaldeko zazpietarako. Lana bostak aldera amaitzen dugu, erosketak egin eta kirol pixkat egiten dugu. Horko antzera. Hori bai, hemen ez dago poteorik eta pintxorik ere ez. (barreak)

Azkeneko bi urteotan gabonetako merkatuan ardo beroa edanez poteo bat egitera eraman ditut eta gustatu zaie. Azken aldian hogeita hamar bat lagun batu ginen. Gainerakoan, hemen, taberna bakarrean sartu eta garagardoa edaten dute tabernatik atera gabe.

Janaria ere ezberdina da, baina ez da txarra. Tirolen janariak potenteak dira, astunak, basoan lanean jarduten zuten pertsonenak: zopak albondiga modukoekin, patatak, urdaiazpikoa, gazta, tartak, …

Zein hizkuntza berba egiten dira hor?

Alemana, baina laneko hizkuntza ofiziala ingelesa da eta kalean ere edozeinek berba egiten du ingelesez. Turismoaren eraginez, pertsona nagusiek ere  ingelesez hitz egiten dute.

Zela moldatzen zarete alemanez?

Nahiko ondo. Guk garbi izan dugu hasieratik alemana ikasiko genuela eta hori izugarri eskertzen dute hemen. Bizi zaren lekuko hizkuntza ikastea errespetu kontua da. Gainera, enpresatik ikasteko erraztasun osoa eman digute.

Alemaniara joan izan garenean  eta alemanez berba egiten dugunean arraro begiratzen gaituzte. Badakite ez garela alemanak, baina Tiroleko azentuarekin berba egiten dugu, eta harrituta gelditzen dira.

Bada euskaldun gehiago hor?

Ezagutzen ditugu euskaldun batzuk, baina komunitaterik ez dago. Noizean behin elkartzen gara.

Badute euskaldunen berri?

Ezagutzen dutenek oso ondo ezagutzen dute: Bilbao, San Sebastian, pintxoak. Behin aldagela baten, hemen mixtoak dira, geure artean berbetan ari ginela, andre bat begira begira gelditu zitzaigun eta zera galdetu zigun: zein hizkuntzatan ari zarete?. Azaldu genion euskaraz ari ginela, eta aho-zabalik gelditu zen, txundituta: ‘euskara da entzuten ari naizena?’.

Beste batzuk,interes gutxien dutenek, zera esaten dute: ‘ah, kataluña!’. Eta guk, eeezzetzzzz. (barreak).

Aldagelak mixtoak dira hor?

(Barreak) Bai, aldagelak eta saunak mixtoak dira, eta saunetan biluzik sartu beharra dago. Hemen kontu hori naturalagoa da, normala. Gu segituan ohitu gara, beste batzuk ez. 

Pertsonen izateko moduari dagokionez, zelakoak dira tiroldarrak?

Euskaldunon berdin-berdinak. Nik beti errepikatzen dut hori (Aitorrek), noizbait euskaldunek eta tiroldarrek elkarrekin loturaren bat eduki behar izan zutela. Hemengoei ‘itxiak’ direla esaten diete, euskaldunoi esaten diguten moduan, baina tiroldar bat lagun egiten duzunean betirako laguna da. Gurekin beti oso jator portatu dira.

Eskuin muturrak aurrera egin du Austrian. Zela bizi duzue zuek hori?

Hauteskunde garaian jendea larrituta ibili zen, enpresan ere bai. Dena dela, azkenean ezker muturreko alderdiak irabazi zuen eta denok pozik. Europa guztian gertatzen ari denaren parekoa da hemen gertatzen dena. Guk tratuan ez dugu ezer berezirik igarri.

Hemen herrialde askotako jendea dago. Gure enpresan 1500 langile daude 50 herrialdetakoak. Errespetua da gakoa. Hobeto ibiliko ginateke denok elkarrekiko errespetu gehixeago izango bagenu.  

Lan aldetik zela dago kontua?

Ondo. Langabezia % 6,1ean dago baina kezkatuta daude. Lan egin nahi duenarendako, lana badago.

Siriar errefuxiatuak iristen hasi zirenean kezka areagotu egin zen. Orain ere iristen ari dira, baina modu kontrolatuagoan. Hemen, badira errefuxiatuendako zentroak.

Zelakoa da bizimoduaren maila ekonomikoa?

Austriako gunerik garestiena da, baina soldatak ez dira hain altuak, horkoen antzekoak dira.

Etorkizunean Euskal Herrira bueltatzeko asmorik bai?

Faltan botatzen dugu, familia, janariak… Baina ez daukagu bueltatzeko planik. Momentuan gustura gaude hemen, gero gerokoak.

Jende asko joan zaizue bisitan?

Ez asko, baina batzuk bai, eta errepikatu egin dute. Gehiago etorri beharko lukete.

Jarraitzen duzue Soraluzeko berri?

Bai, egunero irakurtzen dugu Plaentxia.eus. Hilero esaten dugu: “Ei, Pil-pilean berrixa urten da!”. Hori da gure modua Soraluzerekin harremana mantentzeko, kanpoan bizi diren beste askoren moduan, seguruena.

"Neil (Gales) eta Nikolarekin (Alemania) Urtarrilak 4an Innsbrucken urtero egiten den eski-jauzi txapelketan. Kriston giro polita egoten da."

"Nockspitze, Innsbrucketik gertu dagoen mendia, Ines (Tirol) eta Luisekin (Moratalaz)."

 "Innsbruckeko panoramika bat."

"Neguan Tirolen egin daitekeen kiroletako bat, trineoa (Heidi bezela). Argazkian Juifenalmdelako txabolan, jeisteko prest."

"Inguruetako paraje polit bat, Stubai bailaran, Sulzenaualm, bertako behiarekin."

"Neguko kirolik kuttunena, eskia. Stubai glaziarrean, Grezia, Alemania, eta Espainiako lagunekin."