Iñaki Quintanilla
65 urte
Ama murgiakoa nuen eta aita barakaldokoa. Ez zekiten euskaraz. Legutioko amamak bazekien euskaraz, baina amak, gerrako kontuak zirela-eta, ez zuen ikasi. Nik jubilatu nintzenean heldu nion serio euskarari, konbertsazioetan ondo desenbolbitzeko gogoa nuelako. AEKn ibili nintzen eta Berbalagunen jarraitzen dut. Orain, lagunartean euskaraz egiten dugu beti, eta gustura nago.
Esti Gil
38 urte
Nik umetan ikasi nuen euskaraz, Herri Eskolako B ereduan. Ikasketak erdaraz egin nituen, baina praktiketan familia euskalduna egokitu zitzaidan, eta euskaraz egiten zidaten. Haurdun geratu nintzenean oso garbi neukan umeari euskaraz egingo geniola beti, bere ama hizkuntza euskara izan zedin. Halaxe egiten dugu, eta oso harro nago. Nik ikasten jarraitu nahi dut, nahi bezain ondo espresatzeko gaitasuna eskuratu arte.
Cari Rascon
58 urte
Nire gurasoak Valladolidetik etorri ziren eta nik ez nuen euskararik jaso etxean. Umeak Ikastolan hasi zirenean hasi nintzen ikasten. Zortzi urte eman nituen AEK euskaltegian eta oroitzapen zoragarriak dauzkat; antzerkia eta beste hainbat kontu lantzen genituen-eta. Orain, norbaitek euskaraz egiten didanean, neuk ere egiten diot, eta errainarekin, esaterako, euskaraz egiten dut beti.
Mikel Oregi
18 urte
Nik etxean jaso dut euskara. Nire adineko jende gutxik egiten du euskaraz, baina badira gutxi batzuk euskaraz gehiago egiten dutenak. Haiekin euskaraz egiten dut nik ere. Duela urte batzuk kantuak idazten hasi nintzen, tartean, rap letrak. Gaiaren edo momentuaren arabera, euskara edo gaztelera aukeratzen dut. Euskarazko rapean, nire erreferentzia nagusia Glaukoma taldea da.