"EAEn 7.000 ume dira gaitasun handikoak, baina 300 bakarrik daude detektatuta" Begoña Suarez

Egoitz Unamuno 2017ko api. 1a, 09:00

Gaitasun intelektual handiko seme-alabak dituzten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako familiek osatzen dute Aupatuz elkartea, eta bertako presidenteordea da Begoña Suarez. Bi umeren ama da eta haietako batek gaitasun intelektual handia du.

Udalak gonbidatuta, martitzenean hitzaldia eskaini zuen Antzokian,  “Zelakoak dira, zela pentsatzen eta sentitzen dute gaitasun handiko umeek?” izenburupean. Hitzaldian esandakoaren zatitxo bat jaso dugu hemen, elkarrizketa moduan antolatuta.

Zer da gaitasun intelektual handikoa izatea?

Bataz bestekotik gorako gaitasun intelektuala izatea da. Osagai genetiko handia du. Garai batean, erreferentzia koefiziente intelektuala bakarrik zen (130). Gaur egun, badakigu kozienteaz gain, badirela adierazle gehiago ere.

 Informazioa prozesatzeko modu ezberdina dute. Beste modu batera ikasten dute, eta, ondorioz, dituzten hezkuntza beharrak ere ezberdinak dira. Hori guztia behar bezala kudeatu ezean, arazoak sortzen dira, batez ere, eskolan aurrera egin ahala. Lehen mailetan ohitzen dira esfortzu gutxi egiten eta gero errendimenduak behera egin ohi du. Gaitasun handia eta nota onak beti ez datoz bat, eta, askotan, alderantzizkoa gertatzen da.

Horrelako gaitasuna duten zenbat ume daude?

Espainiako Hezkuntza Ministerioak emandako datuen arabera, ikasleen %2 eta %5 bitartean dira gaitasun handikoak. Badira kopuru handiagoak ematen dituzten iturriak, baina %2a hartuko bagenu, EAEn 7.000 ikasle izango lirateke. Gaur egun, ofizialki identifikatuak daudenak 300 inguru dira. Beraz, gehienak identifikatu barik daude, hezkuntzan ez delako gaia lantzen eta komunikabideek haiei buruzko irudi okerra zabaltzen dutelako.  

Zein da irudi oker hori?

Komunikabideek muturreko adibideak erakusten dituzte: Einsteinen koefizientea duen neskatila, hamar urterekin Hardvard-en sartuko den mutikoa…  Baina horiek salbuespenak dira. Estereotipazio horrek asko zailtzen du detekzioa.

Badira faktore gehiago detekzioa zailtzen dutenak?

Bai, askotan, ume horiek aspertu egiten dira eskolan eta gelako mugituenak izaten dira, irakasleari kasu gutxien egiten diotenak. Ez baita gauza bera gaitasuna eta errendimendua. Ume hauek erraztasuna dute ikasteko eta ulertzeko, baina horrek ez du ziurtatzen errendimendu ona izango dutenik. Tartean beste faktore batzuk daude: hezkuntza metodologia, motibazioa… Askotan, ume horiek oso nota onak ateratzen dituzte lehen hezkuntzan, baina gero txarrera egiten hasten dira, motibazioa galtzen hasten direlako; haien artean eskola porrotaren tasa oso altua izaten da.

Oro har, zein dira ume horien ezaugarriak?

Umetan erakusten dituzten ezaugarrietako batzuk ondorengoak dira: berbetarako erraztasuna, oso hiztegi aberatsa, memoria handia, justiziaren sentimendu oso fuertea, sormen oso handia, hipersentsibilitatea, konbentzionalak ez diren ekintza “arraroak” egitea... Jakinmin ase ezina dute eta kuriositateagatik ikasten dute. Kuriositate hori mantentzen dute bizitza guztian zehar.

Komenigarria da detektatzea?

Bai, beti da lagungarria jakitea. Arazorik ez badago, ez dago esku hartu beharrik, baina komeni da jakitea umea ulertu eta behar duena eman ahal izateko.

Nola detektatzen dira?

Eskoletan proba batzuk egiten dira, baina, harrigarria bada ere, EAEn oso oso atzeratuta gaude gai horretan. Orain arte, magisteritzan ez da ezer landu. Ondorioz, askotan, probak ez dira behar bezala egiten, eta diagnostikoa ere ez da zuzena izaten. Asperger edo TDHArekin nahasten dira. Emakumezkoen kasuan, are eta zailagoa da detektatzea, gainerakoekin mimetizatzeko presio eta joera handiagoa dutelako. Beraz, guk gomendatzen dugu frogak norbere kontura egitea, gaian aditua den psikologo baten aholkularitzapean.

 

Familiek zela erantzuten dute egoera horien aurrean?

Gaiaren inguruan ezezagutza handia dago eta zaila da gai horretaz berba egitea. Ez da egunero parkean komenatzen den kontu bat.  Guraso batzuk beldurtu egiten dira irakasleek zerbait iradokitzen dietenean eta ez dute ezer jakin nahi izaten. Beste askotan, ordea, gurasoak dira konturatzen lehenak.

Zein da Aupatuz elkartearen funtzioa?

Elkartearen zereginetako bat familiak orientatzea da, susmoa sortzen denetik hasita: probak zela egin, eskolarekiko harremana zela kudeatu… Familiatik familiara egiten dugun aholkularitza-lana da. Horrekin batera, eskoletako irakasleendako formazioa ere eskaintzen dugu. Gure helburua da eskolak behar bezalako neurriak hartzea, ume horiei gertatzen zaiena ulertzeko eta behar duten hezkuntza jaso dezaten.

Informazio gehiago: Aupatuz.org