Andrea Conde elgoibartarra da, eta gaur egun Galdakaoko erietxeko ebakuntza-gelan dihardu lanean. Gaur goizeko hitzaldian larrialdi egoera baten aurrean nola jokatu behar den azaldu du. "Larrialdi egoera bat bapateko esku-hartzea behar duen egoera da". Larrialdi egoeran jarraitu beharreko hiru pausu nabarmendu ditu: babesa, abisua eta laguntza.
Nola jokatu larrialdi-egoera baten aurrean?
Condek aholku batzuk eman ditu egunerokoan nahi baino gehiagotan gertatzen diren hainbat larrialdi-egoeraren aurrean aplikatzeko. "Egoera larri batean aurrean egin beharreko lehenengo gauza 112 telefono zenbakira deitzea da". Diabetes, kobultsio eta iktus larrialdi egoeren aurrean nola jokatu azaldu du. "Taberna batean diabetikoa den pertsona bati azukreak behera egiten badio, eta, ondorioz, mareatu egiten bada, zukua eta azukrea eman behar zaizkio". Condek azpimarratu du, norbaiti konbultsio edo iktus krisi bat ematen badio, ezinbestekoa delalasaitasuna matentzea, eta, ondoren, segurtasun posizioan jartzea, albo batera, ito ez dadin. "Inoiz ere ez zaio ezer sartu behar ahoan".
Norbaitek konortea galtzen duenean, anbulantzia etorri bitartean, bihotz-biriketako bizkortzea nola egin behar den ere azaldu du. "Esku biekin, presio handia egin behar da lurrean dagoen pertsonaren bularrean, bataz-beste, minutu bakoitzean 120 aldiz".
Azkenik, eztarriko arazoei buruz hitz egin du, eta garbi utzi nahi izan du bizkarrean kolpeak jotzeak ez duela mesederik egiten. Bi arazo bereizi ditu; traba partziala eta osoa. Partzialaren kasuan, esan du pertsona hori eztula egitera animatu behar dela, besterik ez. Traba osoa denean, eta arnasa hartu ezinik dagoenean, aldiz, esan du besoekin atzetik inguratu, eta tripa sakatuz, barrura, eta gora, sakatu egin behar zaiola.