“Milioi bat euroko inbertsioa bideratuko dugu pabiloi berria egiteko” Jesus Blanco

E. Unamuno 2017ko mar. 14a, 10:29
Jesus Blanco, Elesa-Ganter lantegiko gerentea.

Elesa+Ganter Ibericak pabiloi berria eraikitzen dihardu Mendiola industrialdean. Azken urteotan enpresaren jarduna hazi egin da nabarmen, eta, aurten, eraikina handitzea erabaki dute. Jesus Blanco bilbotarra da enpresaren gerentea, eta berak azaldu dizkigu sustraiak Italian eta Alemanian dituen Soraluzeko filialaren nondik norakoak.  

Zein da zuen enpresaren jatorria?

Hasieran Gabilondo-Resinol zeukan izena. Soraluzeko Jauregi familiak sortutako lantegia zen eta Jesus Jauregi zen jabea. 1997an Elesa eta Ganter enpresekin hitzarmen bat sinatu zuten, eta partizipazioaren %60a erosi zuten. 2010. urtean gainerako partizipazioa erosi zuten, eta %100aren jabe egin ziren. Une hartan hartu nuen nik gerentziaren ardura.

Enpresa italiarra eta alemaniarra da, ezta?

Bai. Elesa Monzan Italian dago eta 400 bat langile ditu. Maniobrarako produktuak egiten ditu, plastikozkoak, guk bezala. Ganter, berriz, Alemaniako hegoaldean dago, eta produktu berdin egiten duten arren, haiek metalezko produktuak egiten dituzte. 

Azken urteotan zelakoa izan da enpresaren bilakaera?

Asko hazi gara. 2010ean, fakturazioa ez zen milioi batera iristen, eta, zazpi urteren ostean, lau milioi euro fakturatzea lortu dugu. 2010etik hona, langile kopurua ere ia hirukoiztu egin dugu. Momentu honetan Elesa Ganter Iberican 19 lankide gara, horietatik hamalauk Soraluzeko lantegian egiten dugu lan, eta, gainerako bostek, komertzialek, kanpoan.

Zer ekoizten duzue?

Manipulaziorako osagaiak egiten ditugu, heldulekuak, edozein motatako makina edo tresnetan erabiltzeko.

Hazi egin zarete krisi ekonomikoak gogorren jo duen garaian.

2010ean laneko funtzionamendua aldatu genuen eta dena aldatu zen. Panorama orokorrari begira, gu, zorionez, salbuespena izan gara. Orain zazpi urte laugarrenak ginen eta momentu honetan liderrak gara Iberiar penintsulan.

Zela lortu duzue hori?

Lan handia eginda (barreak). Enpresak potentzial handia zuen hazteko eta krisi betean egon arren, asmatu dugu salmentak handitzen. Mundu mailan kalitate onenenetakoa dugun ekoizleak gara, eta ia bakarrak Europan. Merkatuko nitxo tradizionalekin batera, bestelakoak ere landu ditugu, dena.

Berrikuntzan erreferenteak gara. Italiatik datorkigun teknologiari esker, aukera dugu produktu berezi asko egiteko. Adibidez, Danobatek zeozer arraroa eskatzen badigu, guk egin egiten diogu.

Zein dira zuen bezero nagusiak?

Gure bezero nagusiak Ulma Packaging eta Fagor Industrial dira, gainerakoak txikiagoak dira. Guk, batez ere, Espainian saltzen dugu, baina baita Mexiko eta Holandan ere.

Urteotan asko aldatu da lan egiteko modua?

Bai. Gaur egun, inork ez du nahi higiezin handirik izaterik biltegian. Hori dela-eta, unean uneko eskariekin lan egiten da, bolumen txikiko baina balio erantsi handiko ekoizpenetan. Produktu merkeak Europatik kanpo egiten dira. Gero eta herrialde arraroagoetara saltzen dugu, eta, gero eta konplikatuagoa da dena. Baina ez dago besterik, hau horrela da. Edo jarraitzen duzu edo hiltzen zara. Ez dago besterik.

Zer dela eta erabaki duzue beste pabiloi bat egitea?

Eraikina txiki gelditu zaigulako. Bulegoetarako lekua behar dugu, biltegirako... Pabiloi berrian 1.200 metro karratu gehiago izango ditugu. Bertan ipiniko ditugu biltegia, bilera-gela berria, osagaiak erakusteko gunea... Guztira milioi bat euroko inbertsioa egingo dugu. Guretzat hori oso inbertsio handia da, baina ezinbestekoa da enpresak hazten jarraitzeko modua izan dezan.

Zelakoak dira etorkizunerako aurreikuspenak?

Onak. Hazten jarraitzea da gure helburua. Ez dakigu noraino helduko garen, baina guk bilatzen duguna haztea da.

Soraluzen enpresa asko itxi dira azken urteotan, zergatik uste duzu gertatu dela hori? Ez dakit. Enpresa bakoitza mundu bat da.

Soraluzen kokatuta egoteak zein abantaila eta desabantaila eskaintzen dizkizue?

Euskadiren bihotz industrialaren erdian gaude, Espainiako eta Europako gunerik garrantzitsuenetako batean, eta, gainera, autopistaren ondoan. Dena hobetu daiteke baina...

Zertan ikusten duzu hobetu beharra?

Errepidetik industrialdera dugun sarbidea, esaterako, ez da egokiena. Kamioi trafiko handia dugu eta askotan kolapsatu egiten da. Aparkalekuekin ere arazo handia izaten dugu. Aparkaleku plazak bete egiten dira langileen autoekin, eta kanpotik norbait etorri eta autoa lagatzen badu, demagun, egun batzuetarako, arazoak sortzen dira. Ez du konponbide errazik, baina horixe da dugun arazorik handiena.

Zure ustez zer egin dateke Soraluzen aktibitate industriala indartzeko?

Galdera horri erantzutea ez da erraza. Inbertsioak egiteko prest dagoen jendea erakarri beharko litzateke. Neurriak izan daitezke lurzoruak merkatzea, laguntza fiskalak indartzea, formazio teknikoa eskaintzea, udaletxeen bitartez bezeroak bilatzen laguntzea...

Enpresa txikiok babestuak sentitzen zarete erakundeen aldetik?

Ez bereziki. Badira laguntzak inbertsioetarako, baina portzentajea txikia da. Neurririk eraginkorrena horixe da, inbertsioak egiteko laguntzak ematea, horrek etorkizunean lana ekartzen duelako.