Zein baliabide daude eraso matxistei aurre egiteko? egokiak dira?

Erredakzioa 2017ko mar. 8a, 10:37
Maria, Ana, Gotzon eta Irantzu.

Korner Moreak, indarkerien kontrako kolektiboak, jakinarazi du lau emakumezko erasotu dituztela herrian. Gogoeta gai hartu ditugu erasoak eta hauei aurre egiteko neurriak.

MARIA OLABARRIA- Korner Moreako kidea

Erakundeen babes neurriak motz geratzen direlakoan nago, batez ere, salaketa jartzen ez duten emakumeentzat. Gizarteak gero eta gehiago gaitzesten ditu tratu txarrak, baina legeek eta erakundeek ez diote arazoari behar bezala heltzen. Talde feministak arazo horiek plazaratzeko eta gogor gaitzesteko gaude, besteak beste.

ANA SEBAL- Mugimendu feministako kidea

Amorrua ematen du etengabe holako gauzak gertatzen direla entzuteak. Hala ere, gertuko norbaiti pasatzen zaionean baino ez gara mobilizatzen, kasu guztiak salatu eta urteko egun guztietan mobilizatu beharrean.  Bestalde, lau kasu horietatik batek baino ez du denuntzia izan,  horrek argi lagatzen du beldurra dagoela erasotuen aldetik, eta hutsune handiak erakundeen partetik. 

Gotzon Odriozola - Udaltzainburua

Norbaitek salaketa helarazten digunean guk Ertzantzari jakinarazten diogu. Gizonezkoa etxetik ateratzen dute, eta epaileak kautelazko neurriak hartzen ditu; esaterako, urruntze agindua ezartzea. Koordinatuta gaude eskolarekin, osasun zerbitzuekin eta parekidetasun batzordearekin, kasuren bat detektatutakoan (salatutakoa edo ez) elkarrekin jarduteko. Gure zeregina babesa eskaintzea da.

Irantzu Benito - Gizarte laguntzailea

Normalean erasoa jasan duen emakumea zuzenean etortzen da gugana. Guk baliabide ekonomikoak, asistentzia juridikoa eta psikologikoa eskaintzen dizkiogu, eta urgentziazko kasua denean, pisua ere bai. Jende gaztea gehiago etortzen da baina jubilatuak ere etorri zaizkigu. Telefono bidezko laguntza zerbitzura ere dei daiteke: 900 840 111/016.