Zenbat blog daude euskaraz idatzita? Zein gai eta arlo lantzen dira? Zenbat blogari euskaldun daude? Eta kontsumitzailearen ikuspegitik, irakurleen beharrak asetzen dituzte blog horiek? Zein gai gustatuko litzaieke irakurleei euskaraz landuta izatea? Horrelako eta beste galdera asko sortu zaizkie Azkue Fundazioko kideei; eta ez dute erantzunik aurkitu. Izan ere, ez dago euskarazko blogintzaren egoera islatzen duen ikerketa edo azterketarik. Horregatik, inkesta publiko bat egitea erabaki dute.
Inkestari buruzko informazio gehiago hemen.
Zer bilatzen da inkesta egitearekin?
Azkue Fundazioaren asmoa da inkesta ahalik eta euskaldun hiritar kopuru handienari helaraztea horrela, erantzun kopuru handia jasotzea. Datu horiek baliagarriak izango dira arlo honetan lan egin eta ekiten duten eragile guztientzat: blogariak, irakurleak orokorrean, interneteko garatzaileak, erakundeak…
Ahalik eta erantzun gehien izatea lortu nahi da, horrela ikuspegi erreal eta zabala lortuko dugulako eta informazioa benetan baliagarria bilakatuko delako. Zenbat eta inkesta kopuru gehiago lortu, emaitza aberatsagoa eta osatuagoa izango da. Lortutakoa egoera errealaren isla izango da.
Egungo egoera ezagutu eta etorkizunera begira estrategiak, garapenak eta egitasmo berriak martxan jarri ahal izateko beharren inguruko datuak ezagutzeko tresna baliagarria bilakatuko da inkesta.
Inkesta honelako galderei erantzuten saiatuko da: Zenbat blog daude euskaraz idatzita? Zein gai eta arlo lantzen dira? Zenbat blogari euskaldun daude? Nola daude garatuta? Etekinik sortzen dute?
Eta kontsumitzailearen ikuspegitik, nahikoa da blog horiekin? irakurleen beharrak asetzen dituzte blog horiek? Zein gai gustatuko litzaieke irakurleei euskaraz landuta izatea?
Inkestaren ezaugarriak
Inkesta hau publikoa izango da eta Azkue Fundazioak bere ohiko komunikazio baliabideen bidez zabalduko du.
Inkesta gizarte osora zabalik dago, hau da, edozeinek bete dezake; edozein blogarik edo blogen kontsumitzailek, nahiz eta blogik ez izan; sarean ibiltzen den edozein euskaldunek. Ikuspegi bitatik landu da galdetegia, eta azterketa bikoitza egin nahi da: une honetan sarean dauden euskarazko blogen izaeraren inguruan sakondu; baina baita irakurle, edo kontsumitzaileok zein eduki mota kontsumitzen ditugun ezagutu eta zein behar sumatzen ditugun jakitea ere.
Euskal blogariak Lehiaketa!
Bestalde, Azkue fundazioak blogetan Euskal blogariak lehian egitasmoaren bigarren edizioa jarri du martxan duela gutxi. Lehiaketa honetan Argia aldizkaria du laguntzaile. Helburua euskaraz sortzen diren blogak ezagutu, zabaldu eta sustatzea da.