Udalak "bizikidetza hobetzea" helburu duen ordenantza adosteko prozesua abiatu du

G. Azkarate 2017ko ots. 3a, 14:00
Osteguneko bilera.

Atzo egin zen herritarren arteko "bizikidetza hobetzea" helburu duen ordenantza zehazteko lehen bilera. Bertaratu zirenek udaltzaingoaren zein udal-gobernuko kideen proposamenekin osatutako ordenantzaren lehen zirriborroa jaso zuten eta hurrengo bileretan horren gainean lanean jardungo dute.

Herritarren arteko "bizikedetza hobetzea" helburutzat duen ordenantza, zibismoaren ordenantza, osatzea eta zehaztea izango da hurrengo hilabeteetan aurrera eramango den prozesuaren helburua. Iñaki Rubiok, obra eta herriko mantentze lanetako batzordeburuak, eman zituen prozesuaren azalpenak atzoko bileran. Rubiok aipatu bezala lau bilera aurreikusten dira ordenantza zehazteko, eta bilera bakoitzean gai zehatz batzuk landuko dira. Lehen bileran, herritarrei udaltzaingoaren eta udal-gobernuko kideen proposamenekin osatutako zirriborroa helarazi zieten, gaiak lantzen hasiko diren hurrengo bileretarako informazio izan dezaten. Iker Aldazabal, alkatearen esanetan, ordenantza honen helburua" herritarren arteko bizikidetzan sortu daitezkeen arazoei konponbidea ematea da".

Hurrengo bilerako gaia: "espazio publikoen txukuntasuna"

Otsailaren 16an, arratsaldeko 19:00etan, egingo da bigarren bilera, eta, bertan, bide publikoaren txukuntasunari buruz hitz egingo da; besteak beste, herritarren erabilera arruntak, jarduera komertzial eta industrialak eta animaliek sortzen dituzten arazoak.