Gerra aurreko Andramarixak (Iñaki Lete)

E. Unamuno 2016ko uzt. 22a, 10:32
Trainerillak ibaian. Iturria: Roman Olaizola.

Iñaki Letek, gaztea zela (1920 eta 30eko hamarkadetan), ezagutu zituen Andramarixak gogoratzen ditu 1970ean Deban idatzitako “Soraluzeko Andramarixak” ondorengo artikulu argitaragabean, eta zehaztasunez aipatzen ditu garai hartan antolatzen zen egitarauaren osagai nagusiak. 

Iñaki Lete (Soraluze, 1913 – Deba, 1984)

Iñaki Lete Soraluzen jaio zen 19xxn eta bertan bizi izan zen 1936ra arte. Gerrako errepresioak erbestera alde egitera behartu zituen bera eta bere familia, abertzaleak zirelako. Joxe Mari Lete, 1938an Trubian fusilatu zuten gudari soraluzetarraren anaia zen eta Juan Jose Lete antzerki idazlearen semea. Erbestetik bueltatu zirenean, Deban jarri ziren bizitzen Iñaki eta bere familia, eta bertan bizi izan zen 1984an hil zen arte.

Euskalzalea izaki, Deban ere gogotsu jardun zuen euskara eta euskal kultura sustatzeko lanean. Jaiotzez Plazentziakoa izanda, bere burua beti plazentziatartzat izan zuen eta hainbat artikulu eta poema idatzi zituen bere jaioterriaz.  Argitaratu dugun hau da horietako bat.  

60eko hamarkadara arte Andramarixak izan ziren herriko jai nagusiak. 50eko eta 60eko hamarkadetan Espainiar estatuko lurraldetatik jende asko etorri zen eta 70eko hamarkadatik aurrera abuztuan oporrak hartzeko ohitura zabaldu ahala, Santiago-Santa Ana jaiak gero eta indar handiagoa hartzen hasi ziren. 1964. urtean, Allegro elkarteak lehen aldiz danborrada antolatu zuenean, orduko udalak Santa Ana herriko jai-egun izendatzea erabaki zuen. Ramiro Larrañagak bere monografia historikoan jasotzen duenez, XV.mendeko udal-ordenantza batek aipatzen du, aintzina, herriko jai nagusiak Santa Ana jaiak zirela.

“Soraluzeko Andramarixak” Iñaki Lete (1970)

Hemen pasatu gendun zoritxarrezko gerra baino lehen, esan nezake ez nintzala atera inoiz gure herritik. Bilbao ta Donostia baino hobeki ezagutzen nitun inguruko mendiak: Unzeta, Elosu, Irukurutzeta, Azkabeitxi, Munetako-aitzak, Aitxan-txabolak, Txaria, azken hau, Plazentziko Parke Nazionala.

Gu kaletar ginan, Errege-etxean Zelestino maixu txikiakin lehenengo abc ikasiak, baino gure artean oraindik garo-usaia somatzen zan, gurasoak ez-ezik, aitonak baserritarrak izandu zirelako.

Nik, eta nik bezala nire lagunek, erderaz oso berandu ikasi gendun naiz erdeldun ikastoletan egin gure heziketa. Horrelako ginan gu sasoi hartan. Hamabi-bat urte nituala, Maristetan ikastolan, hamaika t’erdietan gudariak bezala formatuta ikastolatik elizara, Nazarenoan kapilara, “estazioa” egitera.

- Viva Jesús Sacramentado.

- Bebito sea malo.

Egun batean, lehenengo aldiz Periko Txatua ikastolara etorri zanean, Markos, bere anaiak ekarri zuan Hermano Niceas, Nabarro, irakasle, zuzendari.

Markosek – Ave Maria. Buenos días. Aquí traigo Periko.

Uztailan erdi inguruan, ikastolako oporrak. Keixatan, sagar-lapurretan, Arrio-gain eta Olako osinean nahiko igari-ta… hemen dirala Andramarixak.

Santana kalean, “txurreria”, gaztelar esagun batzuena. Centro Católico deritzaionan alboan, Plazido Oregik jartzen zuan txabola antzeko garagartegia. Plaza Zaharrean, Txurrukesianeko etxe aurrean, Eustakio Galok, Sesmak, ipintzen zituan mahi eta jarlekuak. Errege-etxean, kotxe-bideruntz, “tiro pitxoia”, gure atrazio haundiena.

Andramari bezpera

Andramari bezperan, kanpai-bueltakoak, hiruretan,Madrilen ere entzungo zirenak. Jiganteak arratsaldean. Elorrixo ta Txitia, Amable eta Aizea, Motxa ta konpañia, Plazentziako jendia!

Iluntzean, Eslavan Salbea. Aiuntamentua, konsejopetik ateratzen zan, banan-banan, Elizaruntz, errespetu guziakin. Herriak aukeratutako gizonak bai ziran.

Andramari eguna

Andramari egunean, txistularien pasakallea. Eusebio ta Periko Motxa, Inazio Tanbor-ekin, kalez-kale. Ai gure txistulari zaharrak, esker txarrez ordainduak! Ixil beharra dut.

Meza nagusia. Pontifikala. On Jose Maria aldaran, Aita Santuak baino zeremoni geiagokin. San Inazio musika bandak, karlistena, konziertua bazkal aurrean eta gero, etxeetan, konbidautzea. Arratsaldean, Aiuntamentu ta Banda kainoi fabrika berrietara, Eibar-ko musika Banda eta Alkate edo ordezkarien bila. Denok elkarrekin Plaza Berrira eta beste konziertu bat. Gero dantzaldiak gu baino haundiago ziranentzat. Gauean, Plaza Zaharrean, etxaplio ta bonbak, su-artifizialak, eta gurasoekin limonada edo garagardo pixkaren bat, - bai minkotza- Galon maihetan.

San Roke eguna

San Roke egunean, hemen datorrela izen hontako San Roke-txikixa, prozesioz bere ermitatik, Ezozi gainean, Eliz-nagusira. Beste Pontifikal bat, konziertua eta konbidautzea gaur amaituko dena.

Arratsaldean, Bergarako musika banda, Tannauser, Loengrin edo horrelako musika bereziakin. Mantekau edo limonada, polborak ahoak legortzen ditualako.

Aztu baino lehen esan behar dut, egun hauetan eta Aste Santu jaietan gertatzen zituztela plazentziatarrak beren “traje” berriak. Izarditan ibili arren, trajea egun guzian, bragetarainoko korbateakin. Ez ziran makurrak.

San Roke Txiki eguna

Ta hemen datorrela San Roke-txiki eguna, munduan-mundu zanik egunik haundiena. Goizean, goiztik: “Zezena dator arkupetik, sua dariola adarretik, jea,jea, Santana kaletik! Bel-beltzak dira, adar zorrotza, bustana motza. Arrapatzen bazaitu, jo ta bertan ilko zaitu.”

Zestero zaharra, Leokadio Txatua “Legaristi”, Roman Arluziaga “Trapu” ta beste dozenerdi gizon gazte soka aurrean. Herriko kale guzietan zezena – “Jea, jea! Kontuz sokiakin!” – Goizeko saioa labur xamarra izaten zan, jendea aurre-eguneko legortan zelako. Gero Plaza Berrian aurrezkoa, baita ere herri guzia pasatzen zuana.

Bazkariak etxetik kanpora, lapiko asko erreko zirelako zezengatik, edo horrela zelako ohitura. Karlistetako Bandakoak eta Batzokiko txistulariak denak alkarturik ez zan izaten diferentzirik egun horretan. Hemen berriz zezena, arratsaldean. Zubiak burnizko baranda du, eta asko dire baranda pasata zingilitz gelditzen direnak ur-gainean. Leokadiok eta Romanek badakite zer egin sokakin. Zezen-muturra beren aurrean jartzen diote. Plasta, uretara!

Edo han dijoala bat, estu, larri, zezen aurrean. – “I, Roman, emoixok amain sokiari, eibartarra dok hori, ta!”. Egun batean, kainoi fabrikan, lan egin beharra izan zuten San Roke-txiki arratsaldean. – “Plazentzian biarra gaurko egunez? Soratuta dauaz horrek ala? Ointxe ikusiko juek zer dan gauz-ona!”. Zezena sartu zuten lantegira. Han dijoala makinarik makina Lasturko adar-motza tornu eta fresadora artean. Ze uste juek ba horrek iñuxentiok!”.

Ikusi ditut apaizak manteoakin zezenari “pasea”ematen, emakumeak bere aurrean ibiltzen eta gu ginan bezalako mutil koskorrak adarrean ikutzen. Gero, Padarra – Jose Maria Iparraguirre – esaten zuala: “Me ha destrozado el corazón”. Edo Perikillua: “hori nik arreglatuko juat datorren urtian”.

Zezenen ondoren, kukainak, estropadak Tejerotarrak eta Herrerotarren artean, paitxa-arrapatzeak. Gizonak uretan txalupetatik salto eginda. Ura irakiten pozaren-pozez, herri batek egiten zion ohoreagatik bere gain jolasten. Aizken erromeria, gauean. Garagarra pitxarretan burutik behera. Kalez-kale, Banda, zutik egoteko almena zuten musikeroekin. Goazen ohera, Soraluzeko Andramarixak amaitu bai dira ta.