Desafioa: Soraluze vs Elgoibar

E. Unamuno 2016ko uzt. 22a, 10:19
Orain bi urteko desafioa oñatiarren aurka.

Soraluzeko gazteek desafioa egin diete Elgoibarkoei eta uztailaren 25ean goizeko 11:00etan jarri dute hitzordua zubiko txosnagunean. Azken egunotan sare sozialetan zabaldu duten bideoan dioten moduan, Karakateko mendi-puntaren jabetza da jokatuko dutena. 

Orain bi urte oñatiarrekin egin zuten moduan,oraingoan, elgoibartarrekin egingo dituzten jolasen bitartez  jokatuko dute desafioa. Desafioaren ostean bazkaria egingo dute elkarrekin. Bestalde, aurtengo Gazte Eguneko ekitaldi nagusia jaietako hirugarren egunean antolatu dute, “gazteak egunez jaietan atera daitezen eskaintza erakargarria egiteko helburuarekin”. 

Gaztetxea eta Galtzagorriak elkarrekin

Aurten lehen aldiz, Gaztetxeak eta Galtzagorrien jai-batzordeak elkarrekin antolatu dute jaietako egitaraua. Elkarren indarrak hobeto aprobetxatuz, gazteendako ekimen erakargarriak antolatzea izan da bat egiteko arrazoia. Parte hartzea, kultur aniztasuna, euskaltasuna eta parekidetasuna oinarri hartuta, ekimen ludiko eta musika eskaintza askotarikoa osatu dute.