“Pil-pileanek herrian egiten duen lanaren aitortza da txupina” Arianne Unamuno

E. Unamuno 2016ko uzt. 22a, 09:41
Arianne Unamuno Loidi.

Pil-pilean euskara elkarteak botako du aurten jaietako txupina. Arianne Unamuno elkarteko lehendakariaren esanetan "zapatukoa euskararen txupina izango da, euskaltzaleok piztu eta herritar guztiek gozatuko dutena".

Zela hartu duzue txupinazioa botatzeko gonbidapena?

Pozez. Herriko euskaltzaleek hamarkadetan euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanaren aitortza eta egingo dugunaren babes moduan hartzen dugu. Pil-pilean euskaltzaleen ahaleginaren katebegia da: AEK, Ikastola… ahalegin eta lorpen horien segida.

Zela dago elkartea 20 urte betetzen dituen honetan?

20 urteotan Pil-pileanek sekulako lana egin du herrian eta soraluzetarren babesa irabazi du. Momentu honetan, ekimen mordo bat ditu martxan: Kukumixo, Auzoko, Berbalaguna, aldizkaria, webgunea, kultur ekimenak… Elkarteak 347 bazkide ditu, laguntzaile mordoa eta hori sekulako oinarria da lanean jarraitzeko. Badira hobetzekoak eta 20.urteurrena baliatu nahi dugu horretarako: elkartea ezagutzera emateko, ekonomikoki sendotzeko, jendearen parte hartzea zabaltzeko eta euskara ilusioarekin lotuko duen mezuarekin plazara bueltatzeko.

Zer egitea aurreikusten duzue 20.urteurrenean?

Jaietako lehenengo egunean tonbola jarriko dugu urteurreneko gastuei aurre egiteko. Irailaren 24an barne-topaketak egingo ditugu eta abenduaren 3a ospakizun nagusiaren eguna izango da.

Jaietarako mezuren bat?

Zapatukoa euskararen txupina izango da, euskaltzaleok piztu eta herritar guztiek gozatuko dutena. Jaietan ere gozatu euskaraz!